Plataformismo

Platformismoa

Plataformismoa mugimendu anarkistaren barruan dagoen joera bat da. Mugimendu anarkistaren barruan antolaketa sendo baten beharra azpimarratzen du, langile klaseetan benetan eragiteko gai izan nahi badute. Talde "plataformistek" abangoardismoaren eredu leninista baztertzen dute. Erakunde anarkista batek, plataformisten arabera, oinarrizko lau printzipio hauek bete behar ditu: batasun ideologikoa, batasun taktikoa, erantzukizun kolektiboa eta federalismoa.[1][2][3]

Oro har, talde plataformistek ideia eta metodo anarkistek langile-klasean eta nekazarien artean duten eragina zabaldu nahi dute, ezker muturreko militanteak sortu beharrean, jende "arrunta" gidatzen duten plataforma-talde espezifikoen bidez. Horrek berekin ekartzen du kanpaina zehatzetan lan egiteko borondatea, sindikatu eta talde komunitarioekin batera, eta berehalako erreformen alde borrokatzekoa, herri-kontzientzia eta -antolaketa eraikitzeko proiektu batekin lotuz. Beraz, plataformistek baztertu egiten dituzte helburu hori ahuldu dezaketen ikuspegiak, hala nola anarkismo insurrekzionala, posizio antisindikalak edo mugimendu antiinperialisten jarduera arbuiatzen dutenak.[4]

"Plataformista" izena Anarkisten Batasun Orokor baterako Antolaketa Plataforma (Proposamena) gisa ezagutzen den manifestutik dator, Komunista Libertarioen Antolaketa Plataforma[5] izenez ere ezaguna, 1926an Dielo Truda aldizkarian argitaratu zena, Atzerriko Errusiako Anarkisten Taldearena. 1917ko Urriko Iraultzatik erbesteratutako anarkista beteranoek (batez ere Nestor Makhno, 1918-1921eko Iraultza Ukraniarrean paper garrantzitsua bete zuena) osatutako taldea, Plataformaren ideiak formulatzean, Errusiako Iraultzan izandako esperientzietan eta boltxebikeek anarkisten eta ezkerreko beste talde batzuen aurka lortutako garaipenean oinarritu zen. Plataformak mugimendu anarkistak Errusiako Iraultzako gertaeretan izandako akatsak aztertu eta azaldu nahi zituen. Dokumentuak goraipamenak eta kritikak jaso zituen nazioarteko mugimendu anarkistaren barruan, eta bere garaian eztabaida handia eragin zuen anarkisten artean[6].

Gaur egun, plataformismoa korronte garrantzitsua da nazioarteko mugimendu anarkistaren barruan. Hogeita hamar bat erakunde plataformista eta espezista lotuta daude Anarkismo.net proiektuan, Afrika, Latinoamerika, Ipar Amerika eta Europako taldeak barne[4]. Erakunde afiliatuen kopuruari dagokionez, behintzat,[7] Anarkismo sarea nazioarteko beste erakunde anarkista batzuk baino handiagoa da, hala nola Nazioarteko Anarkisten Federazioa[7] eta Langileen Nazioarteko Elkartea. Hala ere, Anarkismo sarea ez da "nazioarteko" anarkista formala, eta ez du beste erakunde anarkista batzuekin lehiatzeko asmorik.

  1. (Ingelesez) «Platformism - an introduction» libcom.org (Noiz kontsultatua: 2018-08-31).
  2. (Gaztelaniaz) Heath, Nick. «La Plataforma Anarco-Comunista - Portal Libertario OACA» www.portaloaca.com (Noiz kontsultatua: 2018-08-31).
  3. (Gaztelaniaz) «Plataforma: Sección General» www.nestormakhno.info (Noiz kontsultatua: 2018-08-31).
  4. a b (Ingelesez) «About Us - Anarkismo» www.anarkismo.net (Noiz kontsultatua: 2021-11-15).
  5. «Plataforma Organizacional de los Comunistas Libertarios» www.nestormakhno.info (Noiz kontsultatua: 2021-11-15).
  6. (Ingelesez) VAN DER WALT, Michael. (2009). Black Flame: The Revolutionary Class Politics of Anarchism and Syndicalism (Counter-Power vol. 1). AK Press, 252-255 or..
  7. a b "In reply to the Platform, supporters of the "synthesis" counter by pointing to the fact that "Platformist" groups are usually very small, far smaller than "synthesis" federations (for example, compare the size of the French Anarchist Federation with, say, the Irish Workers Solidarity Movement or the French-language Alternative Libertaire)"Arquivado em 7 de outubro de 2010, no Wayback Machine. "J.3.2 What are "synthesis" federations?" in An Anarchist FAQ

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search