Aberri

Artikulu hau sorterriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Aberri (argipena)».

Aberria da herri edo nazio komunitate baten atxikimendu emozionala eskuratzen duen lurralde bat eta lurralde horretan gorpuzten den ideia kolektiboa, kultura, hizkuntza edo/eta politika ezaugarri batzuetan oinarritua. Lurralde edo herrialde horretan jaio edo hura hautatzean, toki hori eta haren ezaugarriak aberri bihurtzen dira pertsona batentzat. XX-XXI. mendeko erabileran, aberriaren oinarrian nazio bat dago, askotan estatu subirano baten baliokidetzat hartua.

Aberria hitza neologismo bat da, Sabino Aranak asmatua, aldameneko estatuetan erabiltzen ziren izen baliokideen irudira sortua (patria, patrie), eta Euskal Herriaren testuinguruan Euskadi da haren proiekzio politikoa, "euskotarren aberria", Aranak adierazi zuen bezala. Aberriaren baliokide despolitizatua sorterria da, pertsona bat jaio edo bizi izandako herri bat, eskualde bat edo herrialde osoa izan daitekeena. Norberaren aberri identifikazioan, historiak, kulturak, tradizioak dute zerikusia, baina baita haren hezkuntzak eta bizipenak ere.

Aberria sentimendu abertzaleari edo nazionalismoari hertsiki lotuta dagoen kontzeptua da eta, beraz, XIX. mendean izan zuen bere goraldia. Komunitatearen pertzepzioaren zentzua goratzen du, eta ideia komun horren maitasuna. Horrenbestez, nazio edo estatu bateko buruzagiek eta politikariek aberria hartzen dute ahotan baldin eta komunitatearen ekinbide bateratuaren beharra, arrisku irudipen bat eta salbuespen-neurrien eta ahalegin berezien premia transmititu nahi badute, tartean nazioaren segurtasuna, gerra giroa edo barne etsaien mehatxua aipatuz.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search