Alderdi politiko

Alderdi politikoa ideologiaz eta helburuz kideko diren pertsonek osatzen duten erakundea da. Alderdi politikoa erakunde politiko egonkor eta iraunkorra da, eta, bere helburuak lortzeko, aginte politikoaz baliatzen da, alderdi anitzeko demokrazietan, hauteskundeetan lortutako ordezkarien bidez.

Sistema partitokratikoetan, alderdi politikoek herritarren esku-hartze politikoa bideratzeko helburua dute. Alderdi bakoitzak bere ideologia du, eta ekonomia, gizartea, hezkuntza eta hainbat arlori buruzko bere iritzia eta interesak ditu.

Gaur ezagutzen diren moduan, alderdi politikoak XIX. mendean sortu ziren, herritarren esku-hartzea eta ordezkaritzako demokrazia garatzearekin batera.

Alderdi politikoek honako modu honetan jarduten dute agintea eskuratzeko:

  • Herritarrek hauteskundeetan agintean esku hartzeko ordezkariak bozkatzen dituzte.
  • Hauteskundeen aurretik, kanpaina bat egiten da. Bertan, alderdi bakoitzak bere egitasmo politikoa azaltzen dio herritarrei, agintea lortzen badute zer ekintza egingo dituzten agertzeko.
  • Ondoren, herritarrek, alderdi politiko horien artean, egokien irizten diotenari boza ematen diote.
  • Bozen kopuruen arabera sortzen dira ordezkarien ganberak, eta, bakarrik edo beste hautagaitza batzuekin bat eginez, gehiengoa lortu duen alderdiak agintea eskuratzen du. Alderdiak, beraz, teorikoki aginte politikoaren eta biztanleen bitartekoak dira.[1]

Alderdi politiko kontzeptua hainbat modutan definitu izan da, une historikoaren eta errealitate soziokultural espezifikoaren. Stefano Bertolinik honela definitzen du: «Norbanako-talde bat, hautagaiei kargu publiko adierazgarriak eskaintzera iristeko asmoz hauteskunde-lehian parte hartzen duena», eta Ramón Cotarelok, berriz, honela definitzen du:

« Denboran iraun dezakeen borondatezko elkarte oro, gizartearen gobernu-programa batez hornitua, interes jakin batzuk bideratzen dituena eta botere politikoa erabili edo horretan parte hartu nahi duena, hauteskunde-prozesuetan behin eta berriz aurkeztuz. »
  1. Alderdi politikoak – Infogunea. (Noiz kontsultatua: 2021-03-12).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search