Alga

Alga zelulanitzaren adibidea.
Laurencia alga mota.

Alga, gorbela edo auka (Algae) organismo autotrofo talde zabal eta askotarikoa da, forma zelulabakarrak eta zelulanitzak batzen dituena. Fotosintesia egiteko gai dira eta uretan edo ingurune nahiko hezeetan bizi dira. Itsasoko alga makroskopiko eta zelulanitzei itsas belar deritze.

Alga izenak ez du balio taxonomikorik baina horren dago zabaldua ezen gainerako talofitoetatik banaturik ikasten baitiren. Denbora askoan zehar landareekin batera sailkatu ziren. Gerora ordea, desberdintasun morfologikoengatik talofitoen taldean sailkatu ziren, onddoekin batera. Goi mailako landareak, berriz kormofitotzat hartzen dira. Izan ere, algen ehunak talokarak diren bitartean, goi mailako landareetan sustraiak, zurtoinak eta hostoak sailkatzen dira, hau da, kormoa.

Oso talde heterogeneoa osatzen dute. Gehienak itsastarrak dira eta hondoari lotuta edota uretan esekita bizi dira. Asko eta asko zelulabakarrak dira, beste batzuek koloniak osatzen dituzte eta beste asko zelulanitzak dira. Alga arreetan gertatzen den bezala, gainera, zenbait algatan anatomia konplexuak ere garatu dituzte. Bai morfologia zein fisiologia aldetik ere, aldakortasuna oso handia da. Hala ere, 10.000 makroalga inguru existitzen dira, lurrean dauden 230.000 landare espezieekin alderatuta oso kopuru txikia.

Landareen ezaugarri diren egitura ugariren falta dute algek, hala nola, hostoak eta sustraiak. Gehienak fotoautotofroak dira, nahiz eta talde batzuk mixotrofoak izan, energia fotosintesitik eta karbono organikotik lortuz, osmotrofia, mizotrofia eta fagotrofia bidez. Espezie zelulabakar batzuk kanpo energia baliabideetan oinarritzen dira, eta fotosintesi gaitasun mugatua edo falta dute.

Algak aztertzen dituen biologiaren atalari fikologia izena ematen zaio.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search