Antropologia

Antropologia (grezieratik άνθρωπος, anthropos, "gizakia" eta λογος, logos, "ezagutza") gizakia bere arlo guztietan, soziala, kulturala eta fisikoa (anatomia, fisiologia, patologia, eboluzioa) ikertzen duen zientzia da. Zientzia holista da bi zentzutan: gizaki guztiez aldi guztietan eta gizartearen dimentsio guztiez arduratzen da. Antropologia eta beste gizarte zientzien arteko desberdintasun nabariena kulturen arteko parekatzean datza.

Hainbat tradizio bereizten dira antropologian, non garrantzitsuenak frantziar eskola soziologikoa Émile Durkheim, Marcel Mauss, Claude Lévi-Strauss), antropologia sozial britaniarra J.G. Frazer, Bronislaw Malinowski, A.R. Radcliffe-Brown, E.E. Evans-Pritchard) eta antropologia kultural estatubatuarra (L.H. Morgan, Franz Boas, Marvin Harris, Clifford Geertz, Margaret Mead, Ruth Benedict) diren.

Frantziar ereduak gizakiaren aspektu sinboliko eta sozialei ematen die garrantzia gehienbat, etnologia soziologiaren azpi-jakintzagai bihurtuz. Eredu anglosaxoiak antropologia lau azpi-jakintzagaiotan zatitzen du:

  • Antropologia fisikoa edo antropobiologia, gizakien ezaugarri fisikoen bilakaeraren aniztasuna ikertzen duena.
  • Antropologia soziala eta antropologia kulturala, edo antropologia sozio-kulturala: ikerketa arloak gizarte sareak, legea, politika, erlijioa, sineskerak eta abar dira.
  • Arkeologia, gizarteak beraien hondarren bidez ikertzen duena.
  • Hizkuntza-antropologia: hizkuntzaren aldaketa toki eta denboran zehar, hizkuntzaren gizarte erabilerak eta hizkuntza eta kulturaren arteko erlazioa ikertzen duena.

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search