Apartheid

Hegoafrikan, Durbango hondartzako apartheid seinalea ingelesez, afrikaansez eta zulueraz, hondartza zurientzakoa bakarrik dela ohartaraziz

Apartheida (afrikaansez, bereizketa) arraza bereizkeriako sistema izan zen, Hegoafrikako eta Namibiako gobernu zuriek herrialde haietako gehiengo ez-zuriaren aurka ezarri zutena. Garai luzean, 1948tik 1990era, beltzek (eta era leunagoan asiarrek ere bai) Giza eskubideen murrizte larria pairatu behar izan zuten.

Hegoafrikako Errepublikan eta Rhodesian apartheidak berdintasuna ukatzen zien, bai irakaskuntzan, bai lanean, zuriak ez ziren biztanle guztiei, baita elkartzeko eskubidea eta beste zenbait ere. Gutxiengo zuria —biztanleriaren % 21 zen— boterean mantentzeko helburua zuen, bestela, pribilegio-egoera galduko zukeelako. 1948ko Alderdi Nazionalaren garaipenaren aurretik, beltzek botoa eman zezaketen, baina muga askorekin.

Teorian, garapena sustatzeko, sistema arraza-talde desberdinak banatzean zetzan. Mugimendu hori guztia arraza zuriak zuzentzen zuen, eta mota guztietako legeak ezarri zituen, alderdi sozialak estaltzen zituztenak, oro har. Arraza-sailkapen bat egiten zen: itxuraren, gizartearen onarpenaren edo jatorriaren arabera. Sistema berri horrek iraultzak eta erresistentziak eragin zituen zuriak ez ziren herrialdeko herritarren aldetik.

1980ko hamarkadaren amaieran, Hegoafrikako mugako gerraren esparruan (Namibia eta Angola), Sobietar Batasunak bere laguntza ekonomiko eta belikoa kendu zien Angolari eta Kubari, eta bi herrialdeentzat bideraezina izan zen borrokan segitzea; era berean, Estatu Batuek Hegoafrikari ematen zioten laguntza finantzarioa bertan behera utzi zuten, eta horrek ondorio larriak ekarri zizkion Pretoriako gobernuari, besteak beste, Afrika hegoaldeko apartheidaren erregimenaren amaieraren hasiera, 1990era arte indarrean egon zena, 1992an zuriek bakarrik bozkatu baitzuten osoki.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search