Atxikimendu

Ama eta haurraren arteko atxikimendua

Atxikimendua pertsona baten eta beste pertsona edo talde baten artean garatzen den gertutasun-sentimendua zein lotura afektibo berezia da[1], iraunkorra eta jatorri sozialekoa dena, eta gertutasuna, interakzio intimoa eta mundu fisiko eta sozialarekiko harremanetan erreferentzia- eta laguntza-oinarri bat bilatzea ezaugarritzat dituena[2]. Lotura hau bizitzaren lehenengo urtean zehar garatzen da, denboran zehar mantentzen da eta interakzio diadikoari edo bi pertsonen arteko elkarrekintzari esker garatzen da. Honi esker, gainera, haurrak segurtasun oinarria aurkitzen du beste pertsonarengan. Ikuspuntu emozionaletik lotura honek ondoriotzat hartzen ditu, behin atxikimendu-irudia baldintzarik gabe laguntzeko prest dagoela ziurtatuta, segurtasun-sentimenduak, egonkortasuna eta autoestimua, era berean bi pertsona hauen arteko enpatia, samurtasuna, kontsolamendua, komunikazio emozionala eta maitasuna erraztuz. Atxikimendu-lotura modu egoki batean ezartzen bada zintzotasuna eta atxikimendu irudiak abandonatuko ez gaituelaren ziurtasuna nabarmentzen dira.

Lotura hau bizitzan zehar behatu daiteke eta haurrak bere gurasoekin, familiako beste kide batekin edota zaintzaileekin duen erlazioa izan daiteke, animalietan gertatzen den inprontaren antzera. Hala ere, txikitan garatzen den lotura horrez gain beste pertsonekin ere atxikimendu-lotura bat ere ezarri daiteke, bikotekidearekiko edota gertuko lagunekiko adibidez. Atxikimendu-erlazio bakoitza desberdina da hainbat faktoreengatik: adina, bi pertsonen arteko interakzioa, dinamika emozionala eta batak bestearekiko, norberarekiko eta harremanarekiko duten irudikapena. Horrenbestez, atxikimenduaren diada bakoitza ere desberdina izango da.

Ezin da esan atxikimendua jaiotzetikoa denik, haurrak bere bizitzako lehenengo momentuetan ez duelako inor ezagutzen eta ez baitu oraindik lehentasunik azaltzen pertsona zehatz batekiko. Horrenbestez atxikimendua elkarrekintza esperientzia luzea ematen denean garatuko da, horrela atxikimendu-irudia bereiziz eta selektiboki bereganantz atxikimendu-jokaerak zuzenduz.

Atxikimenduaren teoriaren azterketa XIX. mendean abiarazi zen, konduktismoaren ikuspuntutik atxikimenduak ekar dituen errefortzu positiboak, autoestimua eta abar, aztertu zirenean. Horietan aitzindari Pavlov psikologo errusiarra izan zen, ama berrien eta haur txikien arteko atxikimendua haurren hazkuntzarako beharrezkoa zela ikusi zuenean, abandonaturiko haurrek hazkuntza-defizit nabarmenak zituztelarik, beste haur normalekin konparatuta; errefortzu positiboa kasu horietan amaren bularretik esnea hartzearekin loturik zegoen, zenbat eta gehiago hartu esnea amaren bularretik, orduan eta gertuago sentitzen zen haurra amarengandik eta amak haurrarengandik; errefortzu hori esnea elikagai moduan hartzearekin edo sexu-plazerrarekin loturik dagoen, ordea, ezin izan zuen Pavolovek frogatu.

  1. Grossmann, K. (2004). Atxikimendua eta haurra taldean zaintzea: elkarrekin aurrera. Jakingarriak, (51), 14-27
  2. López, F. (2006). Apego: estabilidad y cambio a lo largo del ciclo vital. Infancia y aprendizaje, 29(1), 9-23

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search