Banpiro

Banpiroa, egilea: Philip Burne-Jones, 1897

Banpiroak bizidunon odolarekin elikatzen diren izaki mitologikoak edo folklorikoak dira. Batzuetan kontakizun folklorikoetan banpiro hilezkorrek beren senide izan zirenei bisitatzen die, eurak bizi ziren lekura itzuliz eta beren bizilagun-ohiei ezbeharrak edo heriotzak sorraraziz. Nahiz eta izaki hauek munduko kultura gehienetan aipatuak izan, Mendebaldeko Europan banpiro izendapena ez zen XVIII. mendera arte ezagun egin, batez ere Balkanetatik eta Ekialdeko Europatik ailegatutako eraginagatik. Halere, garai honetarako izakiok lekuan-lekuko izen ezberdinak jasotzen zituzten: vampir (вампир) Serbian, vrykolakas Grezian eta strigoi Errumanian. Banpiroenganako sineskeria mailaren areagotzeak Europako jendetzaren histeria mailaren areagotzea ere ekarri zuen berarekin bat, ondorio bezala hilberrien gorpuak taketez zulatu edo jendearen aurkako banpirokeria salaketen kasuak asko ugaritu ziren.

Aro Modernoan aldiz, banpiroa fikziozko izaki bat izan ohi da, nahiz eta oraindik munduko zenbait txokoetan banpiroen antzeko izakienganako sinesmena baden, adibidez chupacabra delakoa. Lehendabiziko banpiroenganako sinesmen folklorikoak hil berrien gorputzaren usteltze prozesuarekiko zegoen ezjakintasunean oinarritzen ziren, nolabait aurre-industrializazio garaiko jendeak heriotzaren misterioak arrazionalizatzeko azalpenean banpiroaren sorkuntza burutuko zuen. Porfiriaren gaixotasuna ere lotu izan ohi da banpiroen kondairekin eta oihartzun handia eman zitzaion komunikabideetan, nahiz eta lotura hau oso eztabaidatua izan den[1][2].

Fikzio modernoan agertzen den banpiro sofistikatu eta karismatikoa 1819. urtean John William Polidori idazlearen The Vampyre idazlanaren argitalpenarekin jaio zen; kontakizun honek arrakasta itzela jaso zuen eta XIX. mendeko ondorengo banpiroen inguruko idazlanetan eragin handia izango zuen[3]. Sheridan Le Fanu idazlearen Carmila eleberria ere aipagarria da, bertan banpiro emakumezko bat agertzen delarik. Nola nahi ere, 1897ko Bram Stoker idazlearen Drakula pertsonaia izango zen nobeletako banpiroen erabateko funtsa eta banpiro modernoaren kondairari oinarri nagusiak eskaini zizkion. Liburu honen arrakastak XXI. mendean liburu, filma eta telebistako saioen bidez hain ospetsua den banpiroen genero berria ezarri zuen. Honela banpiroaren irudia beldurrezko generoaren irudi nagusia bilakatu da.

  1. (Ingelesez) Adams, Cecil. (1999-05-07). «Did vampires suffer from the disease porphyria — or not?» The Straight Dope (Noiz kontsultatua: 2022-02-19).
  2. (Ingelesez) Lane, Nick. «Born to the Purple: the Story of Porphyria» Scientific American (Noiz kontsultatua: 2022-02-19).
  3. Silver, Alain. (2011). The vampire film : from Nosferatu to True Blood. (4th ed., updated and expanded. argitaraldia) Limelight Editions ISBN 978-0-87910-395-8. PMC 567188258. (Noiz kontsultatua: 2022-02-19).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search