Batuketa

3 sagar eta 2 sagar batera jartzen dira. Batuketaz, 5 sagar daude: 3 + 2 = 5.

Matematikan, batuketa [1] kopuru bi edo gehiago batera jartzean sortzen den batura zenbatu edo kalkulatzeko eragiketa aritmetikoa da. + (gehi) ikurraren bitartez adierazten da batuketa. Batuketan parte hartzen duten zenbakiak batugaiak dira. Batuketaren emaitzari batura deritzo. Batuketa egiten denean, batu egiten dela esaten da.

Adibidez, alde batetik 3 ale eta bestetik 2 ale batera jartzen badira, batuketaren emaitza edo batura 3+2=5 (hiru gehi bi berdin bost) da.

Batuketa egin ahal izateko, batugaiak jite berekoak izan behar dira, batugaiak diren zenbakiak era abstraktuan hartzen ez badira behintzat. Adibidez, 3 katu eta 4 euro ezin dira batu [2].

Kopuruez gainera, batuketa era guztietako zenbakietan erabil daiteke: zenbaki naturalak, zenbaki osoak, arrazional, erreal eta zenbaki konplexuak eta haiei elkarturiko egiturak, polinomioak kasu.

Batuketa da haurrek ikasten duten lehenengo eragiketa matematikoa. 4 edo 5 urte bete baino lehen ez da komeni batuketa sistematikoki irakastea [3], nahiz eta lehenago ere batuketa sinpleak egiteko gauza diren. Bestalde, haur txikientzako jolas anitz dago merkatuan batuketak garatu eta ikasteko, abakoak kasu. Batuketak ikasteko prozesuan bururako ez duten batuketak egiten ikasten da lehendabizi (ikus Kalkulua orri honetan bertan), ondoren bururakoa eskatzen duten batuketei heltzeko.

  1. Gehiketa termino okerra ere erabili ohi da batuketa adierazteko. Ikus Amara berriko Egunkaria. Agian gaztelerazko adición kontzeptua itzultzeko ere erabili da (Zenbaki arruntak; eragiketak[Betiko hautsitako esteka], Elhuyar Aldizkaria.).
  2. Zenbaki arruntak; eragiketak[Betiko hautsitako esteka], 10 orr., Elhuyar Aldizkaria.)
  3. (Gaztelaniaz)Los Números, la suma y la resta, Angel Domingo, Universidad de Salamanca.

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search