Bazka sare

Ur gezako uretako eta lehorreko bazka sare bat.

Bazka sarea, elikadura sarea, elikasarea, elikatze sarea edo sare trofikoa (edo elikaduraren zikloa) ekologia komunitate bateko elikatze loturen (zerk jaten duen zer) irudikapena da, eta ondorioz kontsumitzaile-baliabide sistematzat ere aipatzen da. Ekologoek bizi forma guztiak, maila trofiko deritzen bi multzo hauetako batean sailkatzen dituzte: autotrofoetan, edo heterotrofoetan. Beren gorputzak mantentzeko, hazteko, garatzeko eta ugaltzeko, autotrofoek materia organikoa ekoizten dute gai inorganikoetatik (mineralak eta gasak —hala nola karbono dioxidoa— barne). Erreakzio kimiko horiek energia eskatzen dute, eta energia hori nagusiki eguzkitik eta gehienbat fotosintesi bidez eskuratzen da, nahiz eta oso kantitate txiki bat fumarola hidrotermaletatik eta ur termaletatik datorren. Bada gradiente bat maila trofikoen artean, atmosfera karbono iturri bakartzat duten erabateko autotrofoetatik hasita, atmosferaz besteko iturrietatik materia organikoaren zati bat eskuratzen duten organismo autotrofikoak diren mixotrofoetatik igarota (halakoak dira landare haragijaleak, adibidez), eta beste izaki bizidun batzuk jan behar dituzten erabateko heterotrofoetaraino.

Elikasare baten barruko loturek elikatze bideak erakusten dituzte, adibidez heterotrofoek non lortzen duten materia organikoa autotrofoetatik eta beste heterotrofoetatik elikatuz. Elikasarea ekosistema bat truke sistema bateratu batekin erlazionatzen duen hainbat elikatze metodoren irudikapen sinplifikatua da. Elikatze harremanen hainbat mota daude, eta gutxi gorabehera honela bana ditzakegu: belarjaletasuna, haragijaletasuna, sarraskijaletasuna eta bizkarroitasuna. Heterotrofoek jandako materia organikoaren zati batek, hala nola azukreek, energia ematen du. Tamaina guztietako autotrofoak eta heterotrofoak daude, mikroskopikoetatik hasi eta hainbat tonatakoetaraino: zianobakterioetatik sekuoia luze erraldoietaraino, eta birus nahiz bdellovibrioetatik balea urdinetaraino.

Charles Elton izan zen elikadura kateen edo kate trofikoen kontzeptua lantzen aitzindaria, lehen aldiz aipatu ziren 1927an argitaratu zuen "Animalia Ekologia" idazlanean. Hala ere, elikasareen ideiak Charles Darwinen idatzietan eta hark erabilitako terminologian du jatorri historikoa, aipatzekoak dira, hala nola, "bizitzaren sarea", "harreman konplexuen sarea" edo "lurreko partikulen etengabeko mugimendua". Beranduago argitaratu ziren idatzietan aldiz, elikadura kate kontzeptua elikasare terminoaz ordezkatu zen. Eltonek espezieak talde funtzionaletan banatu zituen eta hori izan zen Raymond Lindemanek[1] 1942an dinamika trofikoaren inguruan argitaratutako lanaren oinarri sendoa. Lindemanek deskonposatzaileek sailkapen trofikoarako sisteman zuten garrantzia azpimarratu zuen.

  1. (Gaztelaniaz) Red trófica. 2019-03-28 (Noiz kontsultatua: 2019-04-29).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search