Behe Erdi Aroa

Erdi Aroko Garaiak

Goi Erdi Aroa

Erdi Aro Klasikoa

Behe Erdi Aroa

Behe Erdi AroaErdi Aro Berantiarra edo Erdi Aro Beranta izenez ere ezaguna[1]— historialariek Europako historian XIV. eta XV. mendeei deitzeko erabiltzen duten izena da. Erdi Aro Klasiko eta Aro Modernoaren artean kokatu ohi da.

XIV. mendearen hasieran, Europako gorakada ekonomikoak oztopoa aurkitu zuen. Goseteek eta izurriteek, hala nola 1315-1322 arteko Goseteak eta Izurri Beltzak, Europako populazioa erdira murriztu zuten antza. Despopulazioarekin batera, nahigabea hedatu zen: nekazariak matxinatu ziren Europako leku ugaritan Flandrian 1322an hasita. Gerrak amaigabea zirudien, batik bat Frantzia eta Ingalaterraren arteko Ehun Urteko Gerrarengatik. Eliza Katolikoaren batasunak Mendebaldeko Zismak apurtu zuen. Hori guztia dela eta, Behe Erdi Aroko krisialdia ere deitu zaio.

Beste aldetik, XV. mendean zientziak eta arteak garatu ziren, Pizkunde garaiari eta Aro Modernoari hasiera emateko. Antzinako Erroma eta Greziako kultura berreskuratu zen. Prozesu hori Gurutzadekin eta arabiarrekiko hartu-emanekin hasita zegoen, baina otomandarrek Konstantinopolis hartu ondoren (1453an, Ehun Urteko Gerra amaitu zen urte berean), aditu ugarik mendebaldera, batez ere Italiara, jo zuten, Antzinatearen gaineko interesa bizkortuz. Inprimagailuaren asmazioak liburuen erabilpena zabaldu zuen, eta Erreforma Protestantearen hedapenean paper garrantzitsua jokatzekoa zen. Nahiz eta Otomandar Inperioarengatik ekialdeko merkataritza-bideak moztu, Kristobal Kolonek Amerikaren aurkikuntzari (1492) eta Vasco da Gamaren Afrikako inguratzeari esker, merkataritza-bide berriak ireki ziren, Europako estatuen boterea eta ekonomia izugarri handitu zituztenak.

Horrek guztiak Erdi Aroaren amaiera eta garai berri baten hasiera markatu zuten. Ohartu behar da banantze hori artifiziala dela erabat, urte andana iraun zuen prozesu motel batean gertatu zelako. Gainera, Antzinateko ikasketak ez ziren inoiz guztiz ahaztu, eta Erdi Aroan barnan ere beste berreskuratze garaiak egon ziren: Karlos Handiarekin (Karolingiar Pizkundea ere deitu zaio), XII. mendean... Italian, halaber, ez da Behe Erdi Aroaz mintzatzen. Izan ere, hor, XV. mendea Pizkunde garaiaren barruan sartzen da.

  1. XX. mendearen bukaeran eta XXI.aren hasieran Berant Erdi Aro izena ere erabili zen, baina gaizki sortua zen, eta hiztegietatik —hala nola Euskaltermetik— kendu egin zuten. Desegokitasunaren arrazoiak, besteak beste, Ibon Sarasolak azaldu zituen «Goiz Erdi Aroa, Berant Erdi Aroa»[Betiko hautsitako esteka] artikuluan.

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search