Benedikto XVI.a (latinez Benedictus PP. XVI), jaiotzez Joseph Alois Ratzinger (Marktl am Inn, Bavaria, 1927ko apirilaren 16a - Vatikano Hiria, 2022ko abenduaren 31) Eliza Katoliko Erromatarreko 265. Aita Santua izan zen 2005eko apirilaren 19tik 2013ko otsailaren 28ra arte. 2013ko otsailaren 11an Vatikanoak adierazi zuen 2013ko otsailaren 28an bere kargua utziko zuela.[1]
1950etik aurrerako teologo katoliko ezagunenetarikoa zen, baita idazle ekintzailea ere. Aditu gehienek doktrina katolikoaren defendatzailetzat ikusten dute. Alemaniako zenbait unibertsitatetan irakasle izan zen, eta Vatikanoko II. kontzilioan parte hartu zuen laguntzaile gisa.
Munich eta Freising-eko gotzain eta kardinal izendatu zuen Paulo VI.ak. Joan Paulo II.aren garaian Fedearen Doktrinarako Kongregazioko buru izan zen. Aita Santu izendatzean honako hitz hauek esan zituen: "Anai-arreba maiteok, Joan Paulo II.a aita santu handiaren ondoren kardinal jaunek neu aukeratu naute, Jainkoaren mahastiko langile apala".
Ratzingerrek sei hizkuntza menperatzen zituen (alemana, italiera, frantsesa, gaztelania, ingelesa eta latina) eta gainera greziera klasikoa eta hebreera irakurtzeko gai zen. Europako hainbat zientzia akademietako kide zen, eta hainbat unibertsitatetan honoris causa doktore izendatu zuten. Pianoa jotzen zuen eta bere musikari gogokoena Mozart zen.
Bere aitasantutzan gizarteko erlatibismoa gaitzetsi zuen, eta Europari bere oinarri kristauetara bihurtzeko deia egin zion behin eta berriz. Jainkoaren maitasunean irautea garrantzitsua dela azpimarratu zuen bere Deus Caritas est (Jainkoa maitasuna da) entziklikan.
© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search