Big Bangaren teoria (literalki, Eztanda Handia edo Leherketa Handia[1]) Unibertsoaren jatorria[2], haren hasierako momentuak eta ondorengo eboluzioa azaltzeko egun erabiltzen den teoria kosmologiko nagusia da[3][4][5]. Eredu horren arabera, Unibertsoa dentsitate eta tenperatura oso altua zuen egoera batetik hedatu zen[6][7][1]. Teoriak azalpen ona ematen dio ikusten dugun hainbat fenomenori, hala nola elementu arin askoren ugaritasunari, hondoko mikrouhin erradiazioari, Hubbleren legeari eta Unibertso behagarriaren egiturari[8]. Gaur egun ezagutzen ditugun fisikako legeak dentsitate oso altuko puntu horri aplikatzen badizkiogu, Big Bangarekin lotu ohi den singularitatea lortuko dugu. Fisikariek eztabaida handiak dituzte horren esanahiaren inguruan: izan daiteke Unibertsoa singularitate batekin jaio zela, edo gaur egun dugun ezagutza ez dela nahikoa Unibertsoak garai hartan zuen egitura azaltzeko.
Unibertsoaren hedapenaren inguruan egin diren neurketek orain dela 13.800 milioi urte inguru ezarri dute Big Banga, eta horixe hartzen da Unibertsoaren adintzat[9]. Hasierako hedapen fasearen ostean, lehenik, Unibertsoa nahikoa hoztu zen partikula azpiatomikoak eta, ondoren, atomo sinpleak sortzeko. Elementu horien hodei erraldoiak sortu ziren, eta grabitatearen ondorioz trinkotu ziren, materia eta materia iluna bereiziz eta, bukaeran, gaur ezagutzen ditugun izar, galaxia eta objektu guztiak sortuz. 1927an Georges Lemaîtrek ikusi zuen Unibertsoa hedatzen ari bazen, atzerantz ibilbidea egin zitekeela puntu bakar batera, eta hortik abiatuta eraiki da espantsio kosmikoaren ideia hau. Komunitate zientifikoa bi teoriaren artean zatituta egon zen garai batean: Big Bangarena, alde batetik, eta egoera geldikorraren teoria, bestetik; baina ebidentzia enpiriko nahikoa aurkitu izanak Big Bangaren alde mugitu du balantza eta, gaur egun, ia unibertsalki onartua da[10].
1929an galaxien gorriranzko lerrakuntza ikusi zuen Edwin Hubblek, eta ondorioztatu zuen galaxiak bereizten ari zirela batak besteengandik; demostrazio enpiriko hau ondo lotzen zen hedatzen ari zen Unibertsoaren ideiarekin. 1964an hondoko mikrouhin erradiazioa aurkitu zen, Big Bangaren ereduaren alde egiteko pauso garrantzitsua izan zena[11][12], teoriak aurre-esaten zuelako hondoko erradiazioa egin behar zelako aurkikuntza honen eman aurretik. Supernoben gorriranzko lerrakuntzaren ikerketak erakutsi du azeleratutako unibertsoa ematen ari dela, energia ilunaren ondorioa dela uste dena[13]. Ezagutzen ditugun lege fisikoak erabil daitezke Unibertso horren hasierako sorrera eta izaera kalkulatzeko, hasierako dentsitate eta tenperatura egoera handi batean[14].
© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search