Birziklatze

1970ko hamarkadatik, Moebius banda geziduna da birziklapenaren logo unibertsala.

Birziklatzea erabilitako zerbait, berriz ere erabili edo baliatu ahal izateko, eraldatu edo egokitzea da. Birziklapenaren bidez, objektuen osagaiak ahalik eta gehien gordetzen dira, haiek berrerabiliz antzeko edo bestelako produktuak ekoitzi ahal izateko. Gehienbat plastikoa, papera, kartoia edo beira berrerabiltzea bilatzen da. [1]

Beira da birziklatzeko eta berrerabiltzeko materialik egokiena: tona bat beira ekoizteko, 130 kg petrolio behar dira gutxi gorabehera. Hortaz, beira birziklatuz petrolio asko aurrez daiteke. Gainera, beira oso-osorik birzikla daiteke, eta prozesua nahi adina aldiz errepikatu ere bai.

Papera eta kartoia ere izan ziren birziklatzen hasi ziren lehen materialetako batzuk. Haiek birziklatuz, batetik, lehengaia aurrezten da (tona bat paper birziklatuz, 13 zuhaitz moztea saihets daiteke), eta paper berria egiteko behar den energiaren % 70 eta uraren % 15 ere bai.

Birziklatzeak abantaila asko ditu:

  • Kutsadura gutxitzen da eta zabortegietara doazen materialen kopurua ere murrizten da.
  • Energia aurrezten da, energia gutxiago gastatzen delako produktu bat material birziklatuz fabrikatzen, lehen eskuko materialez fabrikatzen baino.
  • Naturatik ez da hainbeste lehengai atera behar.
  • Baliabide berriztagarriak erabiliz natura zaintzen da.
  • Lanpostu berdeak sortzen dira.

Zaborrontzira botatzen den gehiena birzikla daiteke: adibidez, etxean sortzen diren hondakinen %90etik gora birziklagarria da. Gaikako zabor-bilketaren bidez, birziklatzeko moduko hainbat produktu berreskura daitezke: zabor organikoa, adibidez, konposta egiteko erabil daiteke; papera, ontzi arinak eta beira.

Horiez gain, badira birzikla daitezkeen beste hainbat hondakin ere: arropa eta oihalak, automobilen olioa, obretako hondakinak, erradiografiak, etxeko tresnak eta abar.

  1. (Gaztelaniaz) BBVA. «Qué es el reciclaje y por qué es importante reciclar» BBVA NOTICIAS (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search