Danimarka[1] (danieraz: Danmark ˈd̥ænmɑɡ̊ ahoskatua), ofizialki Danimarkako Erresuma (danieraz: Kongeriget Danmark, ˈkɔŋəʁiːəð ˈd̥ɛnmɑɡ̊ ahoskatua), Iparraldeko Europako estatu bat da, Suediaren hego-mendebaldean eta Norvegiaren hegoaldean kokatua, hegoaldean Alemania mugakide duena. Erresumak bi lurralde autonomo ditu Ipar Atlantikoan: Groenlandia eta Faroeak. Eskandinaviar herrialde bat da, eta historiaren nahiz kulturaren aldetik lotura estuak ditu bere auzoko Suedia eta Norvegiarekin. Kopenhage du hiriburu.
Danimarka monarkia konstituzionala da, demokrazia parlamentariotzat eratua. Herrialde zentralizatua da, baina Groenlandiak eta Faroeek autogobernua dute. Danimarka kontinentalean dautza erresumaren botere judizial, legegile eta exekutiboa. Faroeak erresumaren barnean dagoen herritar-komunitatea da; eta Groenlandia, bereizirik dagoen eta autodeterminazio eskubidea onartzen zaion herria. 1973an Danimarka Europar Batasuneko kide bihurtu zen, baina Faroeek eta Groenlandiak kanpoan geratzea erabaki zuten.
© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search