Edda poetikoa

Edda

Edda poetikoa edo Edda Nagusia antzinako eskandinavieraz idatzitako olerki bilduma bat da, hasiera batean Erdi Aroko islandiar eskuizkribua den Codex Regiusean mantenduak. Snorri Sturlusonen Edda prosaikoarekin batera, Edda poetikoa da eskandinaviar mitologiari eta germaniar elezahar heroikoei buruz dagoen iturririk garrantzitsuena.

Codex Regiusa XIII. mendean idatzia izan zen, baina ez zen bere kokapenari buruz ezertxo ere jakin 1643 arte, Skalholteko gotzaina zen Brynjolfur Sveinssonen eskuetara iritsi zenean. Garai hartan Eddaren Snorriren bertsioak oso ezagunak ziren Islandian, baina adituek beste bat zegoela susmatzen zuten, Edda nagusi bat, Snorrik bere liburuan aipatzen dituen olerki jentilak zituena. Codex Regiusa aurkitu zenean, susmo hau frogatua geratu zela pentsatu zen. Brynjolfurrek eskuizkribuaren egiletza Sæmundr jakintsuari eman zion, XII. mendeko apaiz islandiar bat. Alabaina, egungo adituek egiletza emate hau arbuiatzen duten arren, Sæmundarren Edda izenburua oraindik noiz behinka ikus daiteke.

Brynjolfur gotzainak Codex Regiusa opari bat bezala bidali zion daniar erregeari, eta hortik bere izena. Mendeetan zehar Daniar Errege Liburutegian gordea egon da, baina 1971n Islandiari itzuli zioten.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search