Eli Gallastegi

Eli Gallastegi
Bizitza
JaiotzaBilbo1892ko uztailaren 20a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Lehen hizkuntzagaztelania
HeriotzaDonibane Lohizune1974ko urtarrilaren 25a (81 urte)
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta kazetaria
KidetzaEuzko Mendigoxale Batza
Euzko Gaztedi
Izengoitia(k)Gudari
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaEuzko Alderdi Jeltzalea - Aberri
Jagi-Jagi (1932)

Elias "Eli" Gallastegi Uriarte[1], ezizenez Gudari (Bilbo, 1892ko uztailaren 20a - Donibane Lohizune, 1974ko urtarrilaren 25a) euskal herritar politikari abertzale eta jeltzale independentista bat izan zen.

Garai hartako politikari, idazle eta kazetari abertzale askoren antzera, Gallastegik bere artikuluak idazteko unean ezizen ugari erabili zituen bere bizitzan zehar, bere kazeta-artikulu asko sinatzeko: Arrantzale, Baltzuri, Errementari, Gudari (ezizen erabiliena), Nik, Peli Azkasibar, Javier de Urroz, Luki Ibañeta, Usune Irugara eta Zuriñe.

Inongo zalantzarik gabe, Eli Gallastegi XX. mendearen lehenbiziko erdialdeko eusko abertzaletasunaren eta bereziki euskal independentismoaren ideologo nabarmen eta garrantzitsuenetakoa izan zen. Maiz, XX. mendearen hasiera eta Frankismo garaiko bi belaunaldi ezberdinen arteko zubilana burutu izan zuela aipatu ohi da, belaunaldi berriei antzinako belaunaldien berri emanez, haien artean jazotako Espainiako Gerra Zibila bi belaunaldien arteko eten ikaragarria suposatu baitzuen, antzinako abertzale historikoen belaunaldiaren derrigorrezko erbesteratzeak sarritan haiek eta Hego Euskal Herrian jaiotako belaunaldi berrien arteko ezagutza eza suposatu baitzuen. Eli Gallastegik hein handi batean, Telesforo Monzónen antzera, bi belaunaldi horiek elkar ezagutu eta elkarlotzeko saiakera gauzatu zuen:

« Behin baino gehiagotan belaunaldi berrietako abertzale askok euren iraganari buruz ezer jakin nahi ez dutela ikusi dut, ezta egon ziren alderdi eta taldeei buruz ere, haien arteko liskarrei buruz mespretxuz mintzatzen dira, baita haien leloei buruez ere, azken hauek gaur egunerako zaharkituak eta desegokitzat jo ohi dituzte. Hau, halere, beste atzerriko gizon, antzinako mugimendu eta herrialdeei buruzko jakin-mina izateko ez da beraintzentzat eragozpena izaten. »
Gallastegik Txillardegiri zuzendutako gutuna.[2]

Bestalde, Gallastegiren pentsamoldean, aurreko abertzaleek ez bezala, munduko beste herrialdeetako nazionalismo eta independentismoek eragin handia izan zuten: Kuba, Rif eta Indiako nazionalismoak, eta bereziki irlandar nazionalismoaren eragin handia jasan zuen, gehienbat Gallastegiren gaztaroan, 1916-1922 bitartean Irlandako Estatu Askearen independentziaren lorpenarekin Europako estaturik gabeko gainontzeko herrialdeentzat ispilu eta adibide arrakastatsua izan baitzen. Gainera, jatorrizko Sabin Aranaren pentsamoldeari beste pentsamolde berritzaile, ezkertiar edo aurrerakoiak gehitu zizkion, horien artean gizarte klaseen borroka eta langileen eskubideak topatu daitezkeelarik, honek EAJko alderdi kontserbadore, estatutista eta eskuindarrekin etengabeko eztabaidak izan eta azkenik alderdi hartatik alde egin eta Jagi-Jagi aldizkaria eta talde independentista sortzera derrigortu zuten arte[3]. Historialari batzuen iritziz, Espainiako Gerra Zibilak talde hura alderdi politiko izatea ezgaitu zuen. Askok Jagi-Jagi taldean gaur egungo Ezker Abertzalearen aurrekaria ikusi ohi dute, bai eta gerora gure garaian eusko abertzaletasunaren barnean orokorrean eman ohi diren ezker eta eskuin abertzaletasunaren arteko polarizazioaren jatorria ere[4].

Gainera, Eli Gallastegik bizi izan zen garaian bizita ere abertzaletasunaren barnean gertatu izan diren talka eta gertakizun batzuk aurreikusi edo igartzeko gai ere izan zen, adibidez, batzuentzat Gallastegiren 1970ko honako esaldi honek Eusko Jaurlaritza eta Ertzaintzaren sorkuntza eta haiek Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren aurka egindako erasoen iragarpen bat izan zen:

« Noizbait Espainiak Katalunia, Galizia... eta Euzkadiri ere autonomia handi bat emango die. Orduan, Unionistek, Espainiak armatutako euskal gudaroste erregular bat osatuko dute, eta harekin su eta odolez, gupidarik gabe, euskal matxinatu separatistak borrokatuko dituzte... Eta orduan, eurek, gure aberkideek! fusilatu egingo gaituzte... ez gara hau puztutzen ari. »
Eli Gallastegi, 1970.
  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. Lorenzo 1992, Hitzaurrea 7. orr. (Iker eta Lander Gallastegiren aipamena)
  3. de la Granja Sainz, José Luis. (2008). Nacionalismo y II República en el País Vasco:estatutos de autonomía, partidos y elecciones : historia de Acción Nacionalista Vasca, 1930-1936. Siglo XXI ISBN 8432313092..
  4. Unzueta, Patxo. (1982-3-30). «Disidentes del PNV crean el colectivo 'Euzkotarrak' para recuperar la pureza sabiniana» El País.

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search