Enpresaburu

Munduko pertsona aberatsenetako bat eta Microsoft enpresaren sortzaile eta presidente izandako Bill Gatesek enpresaburu arrakastatsuaren irudia atxikitzen du kapitalismoan.

Enpresa bateko buruzagitzan dagoen definizioaz gaindi, enpresaburu kontzeptuari buruzko iritzi eta teoria ezberdinak plazaratu dira historian zehar. Enpresako kapitalista zein zuzendari moduan definitu da. Tradizionalki enpresaren jabea eta enpresaburua identifikatu izan dira: alegia, negozioa martxan jartzeko edo mantentzeko kapital ekarpena egin duena izan da enpresaburua. Beste alde batetik, ordea, berrikuntza ekartzea, negozio-aukerak aurrez ikustea, balioa sortzea edota langileen zapaltzaile izatea ere aipatu dira enpresaburuen ezaugarri nagusitzat. Ideologia marxistan, enpresaburu da bere esku dagoen kapitalari esker eta botere politikoaz baliatuz langileak esplotatzen dituen pertsona bat, proletargoaren aurkako burgesia klasean sailkaturik. Nolanahi ere, kapitalismoan lehen mailako eragiletzat jotzen dira, enpresak sortzen, kudeatzen eta hazkunde ekonomikoa aurrera eramaten baitituzte; eta, areago, eredutzat ere hartu ohi dira, bere ekimenari eta adimenari esker aurrera atera, merezita aberastu eta gizarteari ekarpen handiak egiten dizkion pertsonaia moduan.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search