Eskolastika

Erdi Aroko eskola bat: eskola eta unibertsitate hauetan garatu zen eskolastika.

Eskolastika (latinez: scholasticus eta hau, era berean, grekeratik σχολαστικός “eskolakoa dena”) kristautasunaren agerkunde erlijiosoa ulertzeko asmoz, filosofia greko latindarraren alderdi bat erabili zuen korronte teologiko eta filosofikoa da.

Antzinaro Berantiarrean nagusi izan zen patristika eta gero, eskolastika izan zen Erdi Aroko pentsamenduan nagusitu zen korrontea. Izan ere, fedearen eta arrazoiaren arteko “koordinazioa” bultzatu zuen. Koordinazioa baino, subordinazioz hitz egin behar dugu, inolaz ere ez baitzen bien arteko berdintasun egoera batean ematen; fedearen menpean kokatzen dugu arrazoia, eta ez, ordea, pareko (Philosophia ancilla theologiae “filosofia teologiaren morroi”).

Katedraletako eta Erdi Aroko unibertsitateetako ikasketa orokorretan izan zen nagusi, bereziki XI. mendearen erdialdearen eta XV. mendearen erdialdearen artean. Bere izatea, ordea, oso anitza izan zen; korronte filosofiko greko-latindarrez gain, pentsamendu arabiar eta judua ere hartu baitzituen aintzat. Aniztasun honek korrontea aberastu bai, baina arazoak ere ekarri zituen. Mugimenduaren kezka nagusietako bat, bada, antzinako tradizio filosofikoa bere egin eta barne-kontraesanik izango ez zuten sistema handiak sortzea eta kontsolidatzea zen. Honetaz gain, eskolastikari autoritatezko argumentuarekiko gehiegizko dependentzia nahiz zientzien eta enpirismoaren baztertzea leporatzen zaizkio.

Eskolastika lan intelektualerako metodo ere bada. Pentsamendu oro autoritate printzipioaren pean egon behar zen eta ikaskuntza antzinako testuen, bereziki Bibliaren (ezagutza-iturri nagusia), errepikapenera mugatu zitekeen. Hala eta guztiz ere, eskolastikak espekulazioa eta arrazoiketa bultzatu zituen, kontra-argudiaketarako prest egon eta defentsa prestatu beharreko diskurtsoa baitzen.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search