Etimologia

Etimologia hitzen historiaren azterketa da; noiztik erabiltzen den, zein jatorri duen (etimoa), eta hitzaren forma eta esanahiak izan duen bilakaera.

Idatzizko historia luzea duten hizkuntzetan filologia eta hizkuntzalaritza historikoari lotuta doan ikerketa arloa da, hitzen jatorrizko esanahi eta formak aztertuz hauen bilakaera aztertzen duena. Horrez gain, hizkuntzalaritza konparatiboan oinarritutako teknikak baliatuz, iturria jakitea oso zaila den hizkuntza zaharren kasuetan informazioa berreraiki daiteke. Honenbestez, erlazioa duten hizkuntzekin alderatuz jatorria ezagutzea posible izan daiteke.

Hitzen etorkiaz diharduen filologiaren adarra da. XIX. mendea arte gramatikaren atala izan zen, morfologiaren eremu bera hartzen zuena. Hitzen jatorrizko formak aurkitzeko bidea eskaintzen zuen: izenetan, nominatiboa eta aditzetan, infinitiboa. Gaur egun hitzen jatorria eta kondaira aztertzen duen jakintza da, eta hitzak historian zehar izan dituen aldaketak eta aldaketen arrazoiak argitu nahi ditu[1].

Herri etimologiak

Bi hitz nahastea bietako bat gaizki ulertua izan delako. Hiztunak bi hitzen artean lotura etimologikoa dela uste izateagatik gertatzen da nahastea; adibidez, zainori eta azenario hitzak esanahi bera dutela erabiltzen denean, lehena herri etimologiak sortua da, azenarioa zain horia baita. Orobat apezpiku, epistiku hitzetik apez hitzak erakarria. Esapideetan ere maiz gertatzen da[1].

Herri etimologia antzinatik dator. Grekoek euren jainko-jainkosen izenen eta beste herrialdeen etnonimoen etimologiak egin zituzten. Isidoro Sibiliakoa (VI-VII. mendekoa) hainbat etimologia egiten saiatu zen bere Etymologiae idazlan ezagunean[2].

  1. a b «etimologia» Lur hiztegi entziklopedikoa (www.euskadi.eus) (Noiz kontsultatua: 2023-10-19).
  2. Velázquez, Isabel. (2004). «Formación de palabras en las etimologías de Isidoro de Sevilla: un reflejo de la lengua viva de su época» Aemilianense: revista internacional sobre la génesis y los orígenes históricos de las lenguas romances (1): 601–663. ISSN 2172-7872. (Noiz kontsultatua: 2023-10-19).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search