Europako Ekonomia eta Diru Batasuna

Europako Diru Batasuna 2015n.
██ Eurogunea (19) ██ ERM-II kidea opt-out aukerarekin (Danimarka) ██ EBko kidea opt-out aukerarekin (Erresuma Batua) ██ EBko gainerako kideak (7)

Europako Ekonomia eta Diru Batasuna Europar Batasunerako diru bakar bat sortzea aurreikusi, eta horretarako egin beharreko urratsak ezarri zituzten Europar Batasuneko hitzarmenei (batez ere Maastrichteko Ituna) ematen zaien izen orokorra da.

Europako Ekonomia eta Diru Batasunaren sorkuntza da Europar Batasuneko zeregin funtsezkoenetako bat. Egin beharreko urratsen datak Europar Batasunak bizi izan zuen krisiaren ondorioz aldatu ziren, ordea. Maastrichteko Itunak, diru bateratuan parte hartzeko, bateratze-baldintza ekonomiko batzuk ezarri zituen. Kontuan izan behar da Europar Batasuna osatzen duten herrialdeen artean ekonomia-alde nabarmenak daudela, eta diru-batasun bat sortzeko ezinbesteko baldintza dela ekonomien bateratzea. Bateratze-baldintzek Ekonomia eta Diru Batasunean parte hartuko zuten ekonomia desberdinen bateratze nominala (adierazle jakin batzuei buruzkoa) lortzea zuten helburua.

Hauek dira Maastrichten ezarri ziren baldintzak:

  • Kontsumorako Prezioen Indizearen arabera neurtutako inflazio-tasa harmonizatua, ez izatea prezio-igoera txikieneko hiru herrialdeen tasa baino ehuneko 1,5 puntu handiagoa.
  • Epe luzerako batez besteko interesa ez izatea inflazio-tasa txikienak dituzten hiru herrialdeen interes-tasen batez bestekoa baino ehuneko bi puntu handiagoa.
  • Defizit publikoa ez izatea Barne Produktu Gordinaren ehuneko 3 baino handiagoa.
  • Sektore publikoak metatutako zorraren maila ez izatea Barne Produktu Gordinaren ehuneko 60 baino handiagoa.
  • Herrialde bakoitzak gainontzeko herrialde kideei buruz duen truke-tasa gutxienez bi urtez egotea Europako Diru Sisteman ezarritako aldaketa-tarte estuaren baitan.

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search