Euskal Pizkundea

Euskaltzain eta idazle batzuk, 1927an Euskaltzaindiak eginiko ohiko biltzar batean. Ezkerretik eskuinera, zutik: Orixe, Jean Elizalde, Seber Altube, Julio Urkixo eta Erramun Olabide. Eserita: Juan Bautista Eguzkitza, Bonifazio Etxegarai, Resurreccion Maria Azkue eta Georges Lakonbe.

Euskal Pizkundea mugimendu kultural eta politiko euskalzale emankorra izan zen, XIX. mendeko bigarren erdialdetik XX. mendeko lehen erdialdera arte luzatutakoa. Mugimendu euskaltzale hori Hegoaldeko lurraldeetan karlistaldiak galdu eta foruak deuseztatu zireneko galera-sentimenduari dago lotua, erromantizismoaren eragin nabarmenarekin. Aro hura mugatu zuten gertakariak Hirugarren Karlistaldia eta Espainiako Gerra Zibila izan ziren; zehazki, 1876tik 1936 arte iraun zuen Hego Euskal Herrian,[1][2] baina bigarren zatiari, Bigarren Euskal Pizkundea deritzo.

Mugimendua kulturaren arlokoa ez ezik politikoa izan zen, abertzaletasuna sortu zeneko giroan egonik. Europako beste prozesu antzekoekin batera gertatu zen, hala nola Katalunia eta Galiziakoekin. Bi herri horietako kulturgileekin batera, Galeusca ekimena abiatu zuten euskaldunek 1923an. Data honek markatu zuen garai honen lehenengo erdialdea, orduan hasi baitzen Miguel Primo de Riveraren diktadura, 1930 arte luzatu zena.

Beste bi urte esanguratsu 1918 eta 1919 izan ziren, Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindiaren sorrerena, hurrenez hurren. Urte batzuk lehenago, eztabaidak hasi ziren euskara batuaren beharraren inguruan, eta hizkuntzaren akademia sortzeak egitasmoa garatzen lagundu zuen. Hala ere, nahiz eta orduan batasunerako proposamen interesgarriak egon, gerraostera arte ez zen asmoa erabat gorpuztu (1968).

Bestela, batik bat euskararen ingurukoa bazen ere, Pizkundean idazle eta kulturgile euskaltzale eta erdaldun batzuek ere parte hartu zuten. Bultzatzaileen artean, Anton Abbadia, Seber Altube, Sabin Arana, Resurreccion Maria Azkue, Arturo Campion, Andima Ibinagabeitia, Sorne Unzueta (eta Emakume Abertzale Batzako beste kide batzuk), Julio de Urquijo eta Iokin Zaitegi ditugu garai guztian zehar.

  1. Otaegi Imaz, Lourdes, "Euskal Poesia XX. Mendean", Auñamendi Eusko Entziklopedia
  2. «Euskal Pizkundea» - Literatura Terminoen Hiztegia, Euskaltzaindia

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search