Fruitu[1], Botanika arloan, landare loredunek emandako aleak dira, lorearen ondoriozkoa; haziak ditu hazi horiek heldu arte, eta gero zabaltzen laguntzen du[2]. Eguneroko hizkeran eta sukaldaritzan, mamitsua edo jateko ona dena da bereziki. Azken horri, hegoaldean, fruta ere deritzo sarri. Ikuspuntu ontogeniko batetik, fruitua landare loredunen obulutegi garatu eta heldua da. Obulutegiko pareta loditu egiten da fruituaren pareta bihurtzean, eta horri Perikarpo deritzo, haziak babestea dute eginkizun. Sarritan, obulutegiaz gain, lorearen beste zati batzuek ere parte hartzen dute fruituaren eraketan, adibidez, mimiko edo errezeptakulua[3].
Fruitua da angiospermen arrakasta ebolutiboan, loreekin batera, lagundu duen beste egokitzapen bat. Loreek polena garraiatzeko intsektuak erakartzen dituzten gisa berean, fruitu askok ere animaliak erakartzen saiatzen dira haziak sakabanatu ditzaten. Animalia batek fruitu bat jaten badu, honek dituen hazi askok animaliaren digestio-traktua zeharkatzen dute eraginik izan gabe, gero, ernamuintzeko leku egoki batean eror daitezen. Hala ere, fruitu guztiak ez dira jangarri izatearen menpe sakabanatzeko. Beste batzuk, hala nola Opuntia pubescens espeziekoak, animalien ilajeari helduta sakabanatzen dira. Batzuk hegodun egiturak osatzen dituzte haizearekin barreiatu ahal izateko, astigarrak kasu. Angiospermek eboluzioaren bidez garatu dituzten fruitu moten aniztasunak lurreko habitat posible guztiak inbaditu eta bereganatzeko aukera eman die[4][5].
Landare gimnospermoetan eta lorerik gabeko landareetan ez dago benetako fruiturik; hala ere, ugaltze-egitura batzuk, hala nola pinaburuak, fruitutzat hartu ohi dira[6].
Landare asko landatzen dira fruitu jangarri batzuk ematen dituztelako, eta, askotan, usaintsuak, gozoak eta mamitsuak[7].
Fruitua polinizatua izan den loretik eratzen da. Itxura askotakoa izan daiteke: drupa, baia, leka, kapsula, akenioa...
© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search