Gosete

2008ko egoera munduan: Gorriz eta laranjaz, herrialderik kaltetuenak.

Gosetea elikaduraren gabezia dagoen muturreko egoera da[1]. Hainbat faktorek eragin dezakete, tartean gerrak, inflazioak, uzta txarrak, biztanleria arazoek edo gobernuen politikek. Fenomeno honen ondorioz sortzen dira malnutrizio, ahuleria, epidemiak eta hilezkortasuna handitzea. Kontinente guztietan eman dira goseteak historian zehar. XIX. eta XX. mendeetan orokortua izan dira goseteak Asiako hegoaldean eta hego-ekialdean eta Europako ekialde eta erdialdean. 2000ko hamarkadan zehar goseteek eragindako heriotza kopurua jaitsiz joan zen.

Askotan lotuta dago gerrekin, hondamendi naturalekin edo pobrezia eta giza garapen eza dituen eskualdeekin. Saharaz hegoaldeko Afrikan, bereziki, gosete kasu larriak daude oraindik ere. 2010etik aurrera Afrika izan da gosete gehien jasan dituen kontinentea. 2017an Nazio Batuen Erakundeak gosete arriskua zegoela adierazi zuen 20 milioi pertsonentzat Hego Sudan, Somalia, Nigeria eta Yemenen[2]. Nekazaritzaren egoerak eragin zuzena du, bereziki klima eta eguraldiari lotuta, eta gerrek janariaren banaketa zailtzen dute. Gaur egungo gosetearen aurkako programa gehienek Afrika laguntzeko helburua dute.

  1. Kelly, James. (1992). «Scarcity and Poor Relief in Eighteenth-Century Ireland: The Subsistence Crisis of 1782-4» Irish Historical Studies 28 (109): 38–62. (Noiz kontsultatua: 2017-12-08).
  2. (Ingelesez) «Subscribe to read» Financial Times (Noiz kontsultatua: 2018-12-09).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search