Ikurrin

Ikurrina
Euskal Herri osoko eta haren parte den Euskal Autonomia Erkidegoko bandera
Euskal Herri osoko eta haren parte den Euskal Autonomia Erkidegoko bandera
Erabilera
Proportzioa 14:25
Erabakia Sorrera: 1894
Sortzaileak:
Luis Arana Goiri
Sabin Arana Goiri
Legeztatzea: 1977ko urtarrilaren 19a
Ofizialtasuna: 1936-1937
1978tik gaur egun arte
Koloreak
Gorria
Berdea
Zuria

Ikurrina Euskal Herriko bandera eta ikur nagusia da.[1] Oinarri gorriaren gainean, gurutze zuri zuzen batez eta gurutze berde zeihar batez osatuta dago. Sabin Aranaren anaia Luis Aranak marraztu zuen 1894. urtean. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko bandera ofiziala da, bai eta Ipar Euskal Herrian nahiz Hego Euskal Herrian, Europar Batasuneko banderarekin batera, Bidasoa eta Pirinioetako estatu mugaren bi aldetara agertzen den bandera bakarra ere.

Bere sorrera unetik bertantxe jazarpen politiko latza jasan duen bandera da, lehen ikurrina urte baten buruan espainiar agintaritzak errekisatu baitzuen. Jazarpen hori Primo de Riveraren diktaduran jasandako debekua eta bereziki Francoren diktaduran asko areagotu zen. Hain zuzen ere, agintari frankistek legez kanpo jarri eta 1936-1977 artean erabateko eta etengabeko jazarpena pairatu zuen: ikurrin bat zeraman oro isuna ordaintzera edo espetxera zigortua zen, eta hein handi batean, jazarpen, eta debeku horren ondorioz, jende askoren iritziz, abertzale nahiz abertzale ez izanik ere, haren hasierako jatorrizko esanahitik askoz harago, klandestinitateko bandera bihurtu zen, hots, askatasunaren, errebeldiaren, antifrankismoaren eta demokraziaren ikur. Maiz Hego Euskal Herrian diktadura garaian ikurrina jendaurrean erakustea norberaren pentsamolde politiko edo nazio nortasunetik harago, injustiziaren aurkako berezko agintaritza ofizialarekiko errebeldia jarrera edo erantzuna izan zen.

1977ko urtarrilaren 19an ofizialki legeztatu zen arren, 2017 arte, Nafarroako Foru Erkidegoan ikurrinaren aurka espresuki sortu zen Nafarroako Ikurren Legearen bidez jazarpen politiko eta administratiboa jasa izan zuen, bera udaletxeetan zintzilikatzen duten udalak isun, salaketa eta auzien mehatxupean izanik. Aldiz, Ipar Euskal Herriko (Nafarroa Beherea barne) herriko etxeetako aurrealde eta balkoietan egunerokotasunean ikurrina Frantziako banderarekin batera normaltasun osoz zintzilikatua agertzen da.

  1. Euskaltzaindiak araututako Hiztegi Batuan, ikurrin izenak esanahi hau du: «bandera, bereziki Euskal Herrikoa».

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search