Itsasertz

Sakoneta hondartza (Deba)

Itsasertz, itsasbazter, itsasalde, kostalde edo kosta deitzen zaio lurretik gertu dagoen itsaso, laku edo ibaien guneari. Kostaldeko inguruneetan ur-maila altuenetik (gutxitan egongo da urez gainezka) uneoro urperatuta dauden lur-lerroetaraino doa itsasertza. Itsasaldien izaera dinamikoa dela eta, ezin da haren lerro zehatzik finkatu eta, askotan, eskualde bat izendatzeko erabiltzen da. Itsasertzaren barruan beti dago marearteko zona eta horregatik askotan termino horiek bata bestearen adieran erabili ohi dira. Hala ere, itsasertzaren definizioa marearteko zonaz haratago zabaltzen da.

Hitzak ez du esanahi bakarra: erabilera aldatu egiten da halaber munduko leku batetik bestera, eta disziplina batetik bestera. Adibidez, era ezberdinean erabiltzen da itsasertz hitza testuinguru militarrean edo itsas biologiaren eremuan.

Ura gertu egoteak eremu horiei zenbait ezaugarri bereizgarri ematen die: uraren higadura gaitasunak forma geografiko jakinak sortzen ditu, hala nola, dunak eta estuarioak. Itsasbazterreko jito deritzo kostaldean zeharreko itsasertzaren mugimendu naturalari. Uraren eskuragarritasunari esker, aniztasun biologiko handiko eremuak dira eta hezegune zabalen sortzea ahalbidetzen du. Gainera, lurrunketagatiko hezetasunak mikroklima bat sortzen du eta bertan beste inon aurkitzen ez diren izaki bizidunak agertzen dira.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search