Itsaso

Artikulu hau ur eremu zabalei buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Itsaso (argipena)».
Itsasoa Ondarraitz hondartzatik ikusia goizaldean, Hendaian
Bizkaiko golkoa: Euskal Herriko itsasoa

Itsasoa ur gaziko hedadura zabala da[1], kostatik haratago dagoena, eta Lurraren azaleraren % 71 estaltzen duena (361.132.000 km², eta bolumena osoa 1.332.000.000 km³ inguru[2]). Itsasoek hidrosferaren azaleraren % 97,2 hartzen dute. Lurreko klima erregulatzen du eta eginkizun garrantzitsua du uraren zikloan, bai eta karbonoarenean eta nitrogenoarenean. Geografian, itsasoa ur eremua da, ozeanoa baino txikiagoa edo harexen zatia dena, eta batzuetan laku handiei ere itsaso deitzen zaie. Gizakiak historiaurretik baliatu izan dira itsasoaz, aztertuz, ustiatuz eta garraiobidetzat erabiliz. Itsasoaren azterketa zientifiko modernoa ozeanografia da.

Itsasoko uretan disolbatutako solido ugariena sodio kloruroa da. Horrez gain, urak magnesio-, kaltzio-, potasio- eta merkurio-gatzak ere baditu, eta besteak asko, horietako batzuk oso kontzentrazio txikietan. Gazitasuna asko aldatzen da, txikiagoa urazaletik eta ibai handien bokaleetatik hurbil eta handiagoa hondo sakonetan; hala ere, disolbatutako gatzen proportzio erlatiboak gutxi aldatzen dira itsasoan zehar.

Gizakiak elikagaiz hornitzen da itsasotik, batez ere arrainak, baina baita itsaskiak, ugaztunak eta algak ere, arrantzaleek harrapatuz edo urpean haziz. Itsasoak beste hainbat erabilera ere baditu, horien artean merkataritza, bidaiak, meatzaritza, energiaren sorrera, gerra eta aisialdiko jarduerak, hala nola igeriketa, bela eta urpekaritza. Jarduera horietako askok itsas kutsadura sortzen dute.

  1. «itsaso». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-10-11.)
  2. (Ingelesez) WHOI Calculates Volume and Depth of World’s Oceans. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2012).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search