Liburutegi

Liburutegia edo biblioteka informazioa komunitate batera zabaltzeko helburuarekin liburuak eta bestelako agiriak jaso, antolatu, sailkatu eta publikoaren eskura jartzen duen erakundea da. Liburutegietan lan egiten duten pertsonak liburuzainak edo bibliotekariak dira. Hala ere, pertsona baten liburu bilduma pribatuari ere liburutegi deritzo. Izan ere, mende luzeetan zehar liburutegiaren zeregin soila liburu eta beste agirien bilduma egin eta, kasurik hoberenean, modu egokian antolatzea izan zen, baina XIX. mendetik aurrera, Argien Garaiko joerari jarraiki, liburutegiaren helburua jakintza gizartera zabaltzera aldatu zen. Horretarako, liburutegi publikoaren ideia zabaldu eta gauzatzen da aldi berean. XIX. mendeko positibismoak zientziaren garapena eta zabalkuntza ekartzearekin batera, liburutegietako jarduera modu zientifiko eta sistematiko batez aztertzeari ekin zitzaion, bibliotekonomia diziplina berriaren baitan. Liburutegiaren espezializazioa ere gertatu da eta liburutegi publikoaz gainera, egun informazio berezitua eskaintzen duten dokumentazio-zentroak, unibertsitateko liburutegiak, eskolako liburutegiak, mediatekak eta artxibategiak ere badaude informazio-gune moduan. Beste alde batetik, historiako euskarri nagusia liburua izan da, baina egun liburutegiek informazioa eskuratzeko beste euskarri eta teknologietarako sarbidea ere eskaintzen dute; hain zuzen, informazio-iturri moduan Internetek duen nagusitasunak liburutegietako zereginaren eta liburuzainen lanaren birplanteamenduaren beharra ekarri du kasu askotan. Liburutegiaren Nazioarteko Eguna urriaren 24an ospatzen da 1997 urteaz geroztik.

Gaur egun, izugarrizko garrantzia hartu dute bibliotekek, eta esan dezakegu herrialde garatuetan oinarrizko azpiegitura bilakatu direla ere. Helburua jakintza jaso, antolatu, gorde eta transmititzea da. Bibliotekak hainbat motatakoak izan daitezke: nazionalak, publikoak, unibertsitatekoak, espezializatuak, digitalak, hibridoak…[1][2]

Dokumentazio-sistemen egituraren parte dira artxibo eta dokumentazio-zerbitzuekin batera.

  1. Agirreazaldegi Berriozabal, Teresa; Camacho Markina, Idoia. (2009). Dokumentazio zerbitzuak Euskal Herriko komunikabideetan. Servicio Editorial de la Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzua ISBN 978-84-692-3008-4. (Noiz kontsultatua: 2020-05-18).
  2. Txantiloi:Basque Agirreazaldegi Berriozabal, Teresa; Udako Euskal Unibertsitatea. (2006). Informaziorako dokumentazioaren oinarriak. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 978-84-8438-078-8. PMC 851002448. (Noiz kontsultatua: 2020-05-18).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search