Lore

Artikulu hau landare atalari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Lore (argipena)».
Loreak edo lore taldeak angiospermoetako 12 espezietan.

Lorea[1] edo lilia[2] landare loredunen (Magnoliophyta) ernaltze-organoak dituen atala da, gehienetan koloretsua eta usaintsua eta eginkizun nagusitzat landarea ugaltzea duena[3]. Izatez, adar espezializatu bat da, ugalketarako espezializatutako hostoak dituena. Hosto eraldatu horiek osatzen dituzte loreen atal nagusiak.

Loreek bi atal mota dituzte: ugaltze-atalak eta babes-atalak.

Karpeloaren barruan obulutegia dago, eta, bertan, obuluak. Obuluak loreziletako androzeoetan sortutako lore-hautsarekin harremanetan jarritakoan, hazi bihurtzen dira ernalketa bikoitz bidez. Fruituak ere, loreetatik sortzen dira.

Landareen dibertsitatea izugarria da; izan ere, enbriofito guztiak hartzen baditugu kontuan, briofitoak gisako landare sinpleetatik, pteridofito, gimnospermo eta angiospermoetaraino joan gaitezke konplexutasun maila kontuan hartuta. Lorearen egitura, angiospermoetan soilik agertzen da, gimnospermoetan hazi biluzia garatzen baita. Hori da bi talde horien artean dagoen ezberdintasuna. Angiospermoetan, haziak obulutegian garatzen dira, aurrerago fruitua emango duen organoan.

Angiospermoen taldea, 250.000 espezie baino gehiagorekin, eboluzio aldetik arrakastatsua da, eta lurreko flora gehiena osatzen du. Angiospermo-lorea taldearen ezaugarri definitzailea da, eta, ziur asko, funtsezko faktorea da taldearen arrakasta ebolutiborako. Egitura konplexua da, eta taldeko ia kide guztiek dute antolamendu-plana. Hala ere, aniztasun ikaragarria du egitura osatzen duten pieza guztien morfologian eta fisiologian. Aniztasun horren oinarri genetikoa eta moldatzailea sakon ulertzen hasi dira[5], baita jatorria (Kretazeo Goiztiarrekoa) eta ondorengo bilakaera ere (gametoak garraiatzeko ardura duten animaliekin lotura estua duena).

Adierazitako alderdiak alde batera utzita, lorea objektu garrantzitsua da gizakiontzat. Historian eta kultura ezberdinetan, loreak beti izan du lekua gizarteetan, dela edertasun intrintsekoagatik, dela sinbolismoagatik. Izan ere, 5000 urte baino gehiago daramatzagu loreak eman diezazkiguten espezieak landatzen eta, gaur egun, arte hori etengabe hedatzen ari den industria bihurtu da: lorezaintza.

  1. «Lore». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-07-09.)
  2. «Lili». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-07-09.)
  3. Arantza Aldezabal. (2009?). Lorea. Zientzia eta Teknologia Hiztegi Entziklopedikoa (ZTH) - Elhuyar.
  4. a b Euskal Herriko zuhaitz eta zuhaixken gida. Eusko Jaurlaritzaren argitalpen zerbitzu nagusia 2010, 25-33 or. ISBN 9788445730515..
  5. Damerval, C.; Nadot, S. 2007. Evolution of Perianth and Stamen Characteristics with Respect to Floral Symmetry in Ranunculales. Ann. Bot. 100: 631-640.

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search