Lurra (elektrizitatea)

Lur hartunea: lurzoruan sartutako pika eta berau konektatzen duen kablea.
lurrera konexio fisikoa
xasisera konexioa
seinale konexio komuna

Ingeniaritza elektrikoan, lurra zirkuitu elektriko baten tentsioak neurtzeko erreferentziazko puntua, korronte elektrikoarentzat itzulera bide komuna, edo lurrerako konexio fisiko zuzen bat da.

Izendatzeko lur hartune, lurrerako hartune, lur konexio, lur deribazio, masa edo soilik lur terminoak ere erabiltzen dira. Gazteleraz, beste batzuen hartean toma de tierra edo conexión a tierra erabiltzen da. Ingelesez ground edo earth erabiltzen da. Eskema elektrikoetan, orokorrean GND hizkiekin (ingelesezko ground) adierazten da.

Zirkuitu elektrikoak hainbat arrazoigatik konektatu daitezke lurrera. Etxetresna elektrikoetan, ageriko metalezko parteak lurrera konektatzen dira, isolamendu elektrikoak huts egiten badu erabiltzailea tentsio arriskutsuetatik babesteko. Lurrerako konexioek elektrizitate estatikoaren metatzea mugatzen dute, produktu sukoiak edo elektrizitate estatikoarekiko sentsibleak diren gailuak erabiltzerakoan arriskuak gutxitzeko. Telegrafo eta energia elektrikoa garraiatzeko zirkuitu batzutan, lurra bera zirkuituko eroaletzat erabili daiteke, itzulera kable bat instalatzearen kostua aurreztuz.

Neurketak egiteko orduan, lurra potentzial elektriko (ia) konstantedun erreferentzia bat da, zeinarekiko neurtzen diren potentzial diferentziak, lurraren potentziala 0 voltekoa dela kontsideratuz.

Lur —edo ground— terminoa elektronikan hain erabilia izanik, gailu elektroniko eramangarri eta ibilgailuetan ere erabiltzen da, lurrarekiko konexio errealik ez badago ere. Kasu hauetan komunacommon—, termino egokiagoa litzateke konexio mota honetarako: orokorrean elikadura iturriaren polo bati konektatutako eroale luze bat izaten da, zirkuituko elementu desberdinentzat korronte itzulera bidetzat egiten duena.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search