Marshall Plana

Marshall Planaren laguntza jaso zuten herrialdeak.

Marshall Plana (ofizialki Europa Suspertzeko Programa) Bigarren Mundu Gerraren ondoren AEBek Europako herrialde aliatuen gainean (baita Alemanian eta Italian ere, etsaiak izan baziren ere) garatutako egitasmoa izan zen. Haren helburua herrialde horien egoera ekonomikoa suspertzea eta haietatik komunismoa uxatzea zen. Izena George Catlett Marshall AEBetako Estatu Idazkariaren omenez du izena. William L. Clayton eta George F. Kennan Estatu Saileko ofizialak nabarmendu ziren plana sortzerakoan.

Sobiet Batasunari eta haren aliatuei ere laguntza bera eskaini zitzaien, baldin eta aldaketa politiko zein ekonomikoak egiten baziren nahiz eta kanpoko hainbat kontrol onartzen bazuten. Sobiet Batasunak, halere, muzin egin zion proposamenari. Vyacheslav Molotovek dolarren inperialismotzat jo zuen.

Plana 1947ko uztailean jarri zen martxan. Lau urtean, 13.000 miloi dolar eman ziren laguntza ekonomiko eta teknikorako, Europako Kooperazio Ekonomikoko Erakundean sartu ziren herrialdeak susper zitezen.

Plana amaitu orduko, parte hartu zuten herrialde guztiak, Alemania izan ezik, gerra aurreko ekonomia mailetara iritsiak ziren. Hurrengo bi hamarkadetan, Mendebaldeko Europako eskualde andanak inoiz izandako hazkunde ekonomikoa garatu zuten. Halaber, Marshall Plana Europako batasunerako bidean lehenengoetako mugarritzat hartu da, muga zeharkatzeko zenbait zerga ezabatu baitzituzten eta kontinentean ekonomia kontrolpean edukitzeko hainbat erakunde sortu baitziren.

Azken urteotan, historialariek planaren azken asmoak eta eraginkortasuna zalantzan jarri dituzte. Nazio Batuen Erakundeak —miloika errefuxiatuei lagundu zien—, gerra ondoko suspertzean paper garrantzitsua jokatu zuela ere onartzen da.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search