Nafarroako Erresumaren inbasioa (1199-1200)

Nafarroako Erresumaren inbasioa Gaztelako Alfontso VIII.a erregeak 1199tik 1200era zuzendutako kanpaina militarra izan zen, Nafarroako Erresumaren mendebaldean barrena eta haren muineraino. Ondorioz, Nafarroako Erresumak bere mendebaldeko lurraldeak galdu zituen: Durangaldea, Araba, Aitzorrotz (Deba bailara), Gipuzkoa eta Donostia Hernanikoa (Donostialdea Bidasoraino). Harrezkero, Euskal Herriko erresuma hori itsasoko irtenbiderik gabe geratu zen, eta itsas kemena eta hari lotutako industria zein merkataritza garatzeko ahalmenik gabe. Dokumentuetan ez ezik (adibidez, Josef Moreten geroko kontakizuna), orain arte egindako zenbait gaztelu aztarnaren indusketetan ere indarrezko okupazio kanpainaren berri geratu da. Hala ere, kanpaina honi buruzko iturri garaikideak edo ia garaikideak urriak dira, eta are urriago datuak.

Nafarroako inbasioaren mapa (1201eko egoera)
Rodrigo Semenez Arradakoa, Toledoko artzapezpiku eta historia idazlearen irudikapena

Nafar erregeek, Atapuercako Guduaz geroztik (1054), borroka diplomatikoa eta militarra zeramaten berez nafartzat zituzten lurraldeei eutsi eta berreskuratzeko; Gaztelako erregeak, berriz, horiek mendean hartzen joan ziren. Alfontso Borrokalaria nafar erregearen heriotzak (1134ko iraila) hautsi egin zuen Iruñea eta Aragoiko erresumen batasuna, eta nekez bete zitekeen haren testamentuak (erresumaren jabetza Elizarentzat utziz) herren utzi zuen Nafarroa Erromako Egoitza Santuaren agintearen aurrean: Alfontsoren testamentua betetzen ez zela argudiatuta, Iruñea ez zen gehiago erresuma bat haren irudiko, eta hala Gaztelako nola Aragoiko monarkien zilegizko harrapakin izatera pasa zen. Hala ere, Antso VI.a Jakituna erregeak (1150-1194) erresumaren estatu egiturak sendotu zituen.

1194an, Nafarroako Antso VII.a Azkarra tronura heldu eta gutxira, argi geratu zen Egoitza Santuak (Zelestino III.a aita santuak, 1198 arte) Gaztelaren aldeko hautua egin zuela, Antso VII.ari errege titulua ukatuz eta, trukean, buruzagi deitura umilagoaz izendatuz (dux). Une horretan, Petri II.a Aragoiko erregeak eta Alfontso VIII.ak elkar hartu zuten Nafarroaren kontra. Gaztelar-aragoitar kanpaina militar horrek higatuta utzi zituen Nafarroaren indarrak, eta bidea zelaitu zuen 1199ko udaberrian abiatutako gaztelar okupazio kanpainarako, Antso VII.a Azkarra nafar erregea Magrebeko Tilimsengo erregearekin zen bitartean, hari laguntzen eta Gaztelaren oldarraren aurkako aliatu bila.

Azken aldiko ikerketek Nafarroa militarki okupatua izan zela argitzen badute ere, Nafarroa mendebaldea Gaztelara bakez sartu zelako kontakizuna nagusitu da historiografian orain arte ("voluntaria entrega de Guipúzcoa" eta antzeko esaldiak erabiliz). Hipotesi horren oinarri garrantzitsu bat garai berean Semenez Arradakoa Toledoko artzapezpikuak idatzitako De rebus Hispaniae izan da, anbiguetate handikoa, gaztelarren okupaziorako adquisivit eta obtinuit aditzak erabili zituena ("eskuratu zituen").[1] Aro Moderno eta Garaikidean, Juan Antonio Llorente kalonjeak hitz egin zuen lehendabiziko aldiz argi eta garbi Gipuzkoa hitzarmen bidez Gaztelari lotu izanaren kontra.[2]

  1. Atxorrotxeko gaztelua, denboraren talaiatik / El castillo de Atxorrotx (bideoa). Hernani Errotzen. 00:12'00"
  2. «La incorporación de Guipúzcoa a la corona de Castilla (1199/1200)» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-18).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search