Parasitismo

Eltxoa bizkarroi hematofagoa da, aldi berean akaroen ostalaria izan daitekeena.

Parasitismo edo bizkarroitasun deritzo bi organismoren arteko elkarrekintza biologiko mota bati, zeinean organismo batek, parasito edo bizkarroiak, onuraren bat lortzen duen eta bestea, ostalaria, kaltetuta irteten den [1] [2]. Ostalariaren barruan bizi diren parasitoei endoparasito deritze, eta kanpoan bizi direnei, ektoparasito.

Parasitismoa espezie batek bere biziraupen-gaitasuna handitzeko beste espezie batzuk erabiltzean datzan bizimodua da. Izan ere, bizkarroiak oinarrizko beharrak asetzen ditu: elikadura-beharrak eta ugalketarako barreiadura, adibidez. Aldi berean, parasitoak kaltea eragingo dio ostalariari.

Parasitismoa organismo baten bizitza osoan zehar gerta daiteke edo bizi-zikloaren aldi jakin batzuetan soilik. Parasitoa den espezieari abantaila nabariak ekarriko dizkion momentutik aurrera, prozesu itzulezin bihurtzen da, eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen zaie ondorengoei. Horren ondorioz, aldaketa fisiologiko eta morfologikoak jasaten ditu bizkarroiak.

Bizkarroiak ere organismoak direnez, ostalari izan daitezke hirugarren espezie batentzat. Bizkarroi bat parasitatzen duen bizkarroiari, hiperparasito esaten zaio. Ostalaria hiltzen duen parasitoari, aldiz, parasitoide esaten zaio [3].

  1. Parasitismo ZT Hiztegi Berria, Elhuyar
  2. Dualde, V.: Biología, Curso de orientación Universitaria Ed. Ecir (1987) 604-605 orr. ISBN: 84-7065-128-5
  3. Stevens, Alison N. P. (2010) Predation, Herbivory, and Parasitism Nature masterclasses

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search