Pertsona juridiko

Pertsona juridiko edo moral deitzen diogu eskubideen eta obligazioen subjektu aitortzen den pertsonen edo ondasunen multzoari. Harreman juridikoak egikaritu ditzakeen erakunde publiko nahiz pribatua izan daiteke hau eta trafiko juridikoan libreki aritzeko eta jarduteko gaitasuna du.[1]

Zuzenbidean bi pertsona mota bereizten dira: juridiko indibidualak edo juridiko kolektiboak, edo, bestela esanda, pertsona fisikoak eta pertsona juridiko edo moralak. Hala ere, zentzu itxian begiratzen badugu, pertsona guztiak pertsona juridikoak dira, eskubide eta betebeharrak dituztelako. Dena den, pertsona fisiko eta juridikoen arteko bereizketa hori egitea ohikoa da; modu honetan pertsona fisikoak eskubideak eta betebeharrak dituzten subjektu indibidualak dira eta pertsona juridikoak, aldiz, eskubideak eta betebeharrak dituzten subjektu multzoa. Pertsona juridikoen kasuan, beraz, pertsona izena metaforikoki erabiltzen da.

Laburbilduz, pertsona juridikoa eskubide eta betebeharrak dituen gizabanakoa da, baina ez pertsona fisiko gisa, baizik eta pertsona fisiko batek edo gehiagok irabazi-helburuekin edo gabe izan daitekeen helburu sozial bat betetzeko sortutako erakunde gisa.

Pertsona juridiko mota bakoitzak bere legedia du. Edonola ere, Espainiako Kode Zibilak artikulu orokor batzuk eskaintzen dizkio gai honi.[1]

  1. a b Imaz, Leire. (2013). Zuzenbide Zibilaren Sarrera. Eskubide subjektiboa. Pertsonaren zuzenbidea. ehu, 225-228 or. ISBN 978-84-9860-784-0

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search