Pizkundea

Pizkundea[1] edo Errenazimentua[1] —zenbaitetan Berpizkundea[2] edo Errenaisantza[3] ere deitua— XV. eta XVI. mendeetako kultura mugimendua izan zen, Behe Erdi Aroan Florentzian hasi[4] eta geroago Europan zehar hedatuz joan zena. Hitza orduko garai historikoa izendatzeko ere erabiltzen den arren, kontuan hartu behar da Pizkundeko aldaketak ez zirela Europa osoan batera gertatu. Pentsamendu humanistari oso loturik dagoen mugimendu kultural horren oinarria Antzinate klasikoaren iturrietara itzultzea izan zen.

Michelangeloren Dabid eskultura (Florentziako Arte Eder Akademia), Goi Pizkundeko artearen adibidea.

Erdi Aroaren eta Aro Modernoaren arteko zubia izan zen. Izan ere, Erdi Aroaren amaiera eta Pizkundearen hasierako urteetan, oso denbora laburrean, Mendebaldeko gizartea oinarri-oinarritik inarrosi zuten aurkikuntzak eta asmakuntzak egin ziren, Europan eta inguruko herrietan ere. Jakintza klasikoa berpizteaz gainera, Errenazimentuan kontinente berriak aurkitu eta esploratu ziren, Kopernikoren astronomia sistemak hartu zuen Ptolomeorenaren lekua, estatu nazioak eratu ziren, sistema feudalak gainbehera egin zuen eta komertzioa asko hedatu zen, eta garrantzi handiko berrikuntzak aplikatu edo asmatu ziren (papera, inprimatzeko makina, itsasorratza, bolbora...).

Nolanahi ere, garai hartako pentsalarientzat ikasketa eta jakintza klasikoen eraberritze garaia zen hura batez ere, kultura pobretu zen urte luzeen ondoren heldua. Horretan erabakiorrak izan ziren Bizantziotik, otomandarrengandik ihesi, iritsi ziren jakintsuak eta testuak, horien bidez ezagutu ahal izan baitziren klasikoak.

  1. a b Euskalterm terminologia-bankuan Pizkunde eta Errenazimentu izenak proposatzen dira, ordena horretan; eta bi horiek daude onartuta, inolako oharrik gabe, euskara batuko hitzak arautzen dituen Hiztegi Batuan. Elhuyar gaztelania-euskara hiztegiak Errenazimentu izena dakar.
  2. Ibon Sarasolaren Zehazki hiztegian hala ageri da, baina Hiztegi Batuak pizkunde hobesten du «berpizkunde» sarreran.
  3. EHUren Arte Ederrak tituluaren ikasgaietan forma hau erabiltzen da, baina Hiztegi Batuan ez da ageri, ez eta hemen aipatu diren gainerako hiztegietan ere.
  4. Ignacio Zendoia Etxaniz. (2004). (pdf) Errenazimendua Europan. Bilbo: UEU ISBN 8484380521..

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search