Rh faktorea

Rh faktorea Rhesus makako (Macaca mulatta) tximinoaren eritrozitoen zelula mintzean dagoen antigenoa da, gizaki gehienek ere (%85ak) dutena. Izena (Rh edo Rhesus faktorea) tximino horretatik dator. Haien eritrozitoetan aipatutako antigenoa dutenak Rh+ dira, gainontzeko guztiak Rh- izanik. Antigeno horrek egitura proteikoa du. Karl Landsteiner austriarrak eta Alexander Wiener estatubatuarrak 1940an aurkitu zuten estreinakoz Rh faktorea, Rhesus tximinoarekin lanean ari zirela.

Rh antigenoa ez da antigeno bakarra, antigeno batzuen konbinazioa baizik. Ohikoenak 6 antigeno dira, letra hauekin izendatzen direnak: c, d, e, C, D eta E. D antigenoa da garrantzitsuena, eta Rh+ eragiten duena (konbinazio batean D antigenoa agertzen denean -cDe, adibidez- banakoa Rh+ da). Antigeno horiek kodetzen dituzten geneak gizakiaren 1. kromosoman daude, eta hiru alelo pare desberdinak dituzte: C/c, D/d eta E/e. Rh+ duen banako baten genotipoa, beraz, honako hau izan liteke: ccDDee, baina baita hau: ccDdee edo beste hau ere: CCDdee (DD eta Dd genotipoek Rh+ fenotipoa eragiten baitute).

Rh- direnek Rh faktorearen aurkako antigorputzak sortzen dituzte mota horretako odola jasotzen badute (transfusio batean, esaterako). Odol taldeen (ABO) aldean, gizakiaren plasmak ez ditu Rh faktorearen aurkako antigorputzak; baina Rh- den pertsona bati Rh+ den beste pertsona baten odola injektatzen bazaio, egun gutxitan anti-Rh antigorputzak sortuko ditu, eta bigarren transfusio batean emailearen (Rh+) eritrozitoak deuseztatuko ditu. Antzeko mekanismo baten bidez, Rh+ duen umeki batek Rh- den amaren odolean antigorputzen sintesia eragingo du, eritroblastosi fetal izeneko gaitza sortuz.

Odol eta organoak emateko orduan kontuan hartu behar dira Rh faktorearen bateraezintasunak (emaile eta hartzailaren artekoak), aurrean azaldutako arazoak ager ez daitezen.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search