Tanke

M1 Abrams, estatubatuar gudu-orga nagusia.
Txinako Askapenerako Herri Armadaren 99 motako guda-orga.

Tankea edo gudu orga guda frontean borrokatzeko ibilgailu korazatua da, mugikortasun operazionalerako, eraso taktikorako eta defentsarako gaitasunak dituena. Su egiteko ahalmena du, oro har, dorre birakarian duen kalibre handiko kanoiari eta bigarren mailako metrailadoreei esker. Armadura astunak eta lur orotan mugitzeko gaitasunak, berriz, babesa ematen diote tankeari eta tankeko eskifaiari. Hartara, guda zelaian tropa korazatuek bete beharreko eginkizun nagusi guztiak egin ditzakete.[1]

Tankeak garestiak eta logistika behar duten arren, gudu-zelai modernoko arma beldurgarri eta aldakorrenetako bat dira, bai lurreko helburuei erasotzeko duten gaitasunagatik, bai etsaien infanterian izua eragiteko duten balioagatik. Tankea gudu-zelaian egoteak etsaien soldaduei eragiten dien ondorio psikologikoari, talka-ekintza esaten zaio.

Tankeak potentzia handiko eraso-makinak dira; nekez jarduten dute bakarka; indar konbinatuetan blindatutako unitateetan daude antolatuta. Horrelako laguntzarik gabe, tankeak, nahiz eta blindatuta egon eta mugitu, zaurgarriak izango lirateke infanteriaren, lurreko minen eta artilleriaren aurrean.

Ibilgailu horiek desabantailak dituzte basoetan eta hiriguneetan. Izan ere, ibilgailutik distantzia luzera su egiteko ahalmena murriztuagoa dute; mugikortasuna murrizten zaie, eta tripulazioak mehatxuak detektatzeko duen gaitasuna ere mugatuagoa da.

Tankeak Lehen Mundu Gerran erabili ziren lehen aldiz, lubaki-gerra hausteko, eta haien rolak eboluzionatu zuen gudu-zelaian zalditeriaren tokia hartu arte. Tankeen eta blindatuen taktikek bilakaera handia izan dute ia mende batean. Armamentu- eta blindaje-sistemak garatzen jarraitzen den arren, nazio asko berraztertzen aritu dira arma astun horien beharra gerra ez-konbentzionalaren garaian.

  1. Von Senger und Etterlin, Dr. F. M. (1960), The World's Armoured Fighting Vehicles, Londres: Macdonald & Co. (Publishers) Ltd.

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search