Tornado

Tornado bat, F5 mailakoa (Manitoba, Kanada, 2007)
Onil-hodei baten eboluzioaren irudi elkartua (7 fase), Minneola (Kansas, AEB, 2016ko maiatza).

Tornadoa indar handiko haize-zurrunbiloa da, kiribilean igotzen dena[1] lurretik kumuloninbo hodei bateraino. Haren haizeek 100 eta 400 km/h arteko abiadura har dezakete, eta erpinak beherantz duen kono edo onil baten itxura du. Fenomeno atmosferiko zikloniko bortitzenetakoa da, baina hedadura txikikoa eta iraupen laburrekoa (segundo gutxitik ordubetera).

Tornadoak forma eta tamaina askotakoak dira, eta maiz kondentsazio-onil baten moduan ikusten dira kumuloninbo hodei baten oinarritik datorrena, azpian hondakin eta hauts laino birakari bat duela. Tornado gehienek 65 eta 180 km/h iristen diren haizeak dituzte, gutxi gorabehera 75 m zabal dira eta kilometro gutxiko ibilbidea egiten dute, desagertu aurretik. Handienek 450 km/h haizea izan dezakete, 2 km zabal dira eta 100 km baino gehiagoko ibilbidea egin dute lurraren gainean[2][3][4].

Hainbat eskala daude haien indarra sailkatzeko. Fujita-Pearson eskala kalteen araberakoa da eta zenbait herrialdetan Fujita eskala hobetuak (Enhanced Fujita scale) ordezkatu du, aurrekoaren bertsio eguneratua. F0 edo EF0 tornadoak, kategoria ahulenak, kalte egiten die zuhaitzei, baina ez egiturei. F5 edo EF5 tornadoak, kategoriarik indartsuenak, eraikinak zimenduetatik erauzi eta egitura-deformazio esanguratsuak eragin ditzake etxe-orratzetan[5].

  1. Tornado Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-2-18)
  2. (Ingelesez) Wurman, Joshua. (2008-08-29). Doppler on Wheels. Center for Severe Weather Research jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2007-02-05).
  3. (Ingelesez) «Hallam Nebraska Tornado» National Weather Service (National Oceanic and Atmospheric Administration) 2005-10-02 (Noiz kontsultatua: 2009-11-15).
  4. (Ingelesez) Roger Edwards. (2006-04-04). «The Online Tornado FAQ» Storm Prediction Center (National Oceanic and Atmospheric Administration) jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2006-09-29) (Noiz kontsultatua: 2006-09-08).
  5. (Ingelesez) (Noiz kontsultatua: 2010-06-14).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search