Trikuharri

Artikulu hau megalitoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Trikuharri (argipena)».
"Jentilarri" artikulu honetara birzuzentzen du, izen hori duen Aralarko trikuharria gaitzat duena beste artikulu hau da: Jentilarri (Aralarko trikuharria).
Sorginaren Txabola trikuharria Bilar udalerrian (Araba).
Euskal Herrian kokatutako trikuharriei buruzko informazioa irudietan.
Txomin Egiluz

Dolmen edo trikuharriak gorpuak ehorzteko eraturiko monumentu megalitikoak dira. Trikuharriak edo horien aztarnak, beste monumentu megalitikoekin batera, Mendebaldeko Europa osoan daude: Eskandinaviatik Iberiar Penintsulara, Mediterraneo aldean, Kaukasoko mendebaldean, eta baita Euskal Herrian ere. Indiar azpikontinenteko hegoaldean[1] ere badaude. Europako trikuharri zaharrenak Neolitiko eta Kalkolitiko aroetan eraiki eta erabili ziren gehienbat, K. a. 4.500 urtearen inguruan hasita eta K.a. 2500 urtera arte, gutxi gorabehera, orduan iritsi baitzen Europako fenomeno megalitikoaren bukaera.[2]

Lurrean zutik finkatutako harlauza batzuek eta horien gainean horizontalean jarritako beste harlauza batek, arkeologian ortostato deitzen direnek, osatzen dute dolmena. Hilobiok lurrez nahiz harriz eraikitako muinoen gainean, tumulu izenekoetan, jartzen ziren maiz eta horren mugak batzuetan harriz osaturiko zirkuluez inguratzen ziren, harrespil edo cromlech izenekoak. Dolmenetan tipologia zabala dago: dolmen sinpleak (hilobi kamara soila duten hilobiak), korridore-dolmenak eta galeria-dolmenak. Horrez gain, tokiko aldaera anitz badago. Bestalde, dolmenak edo trikuharriak hilobi megalitiko deitzen den kategoria zabalago batean daude, non zistak, maiz harrespilen barruan, eta tumulu luzeak ere biltzen diren, besteak beste.

  1. (Ingelesez) Menon, Srikumar M.; Vahia, Mayank N.. (2011). Megalithic astronomy in South India. .
  2. (Ingelesez) Pozzi, Alberto. (2014). Megalithism: Sacred and Pagan Architecture in Prehistory. , 100 or..

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search