Uhin-partikula dualtasuna

Zurrunbilo bat arroka eta ur korronte sendo baten arteko elkarrekintzagatik sor daiteke. Hau, uhin-partikula dualtasunaren metafora moduan har daiteke: fotoiaren antzera, zurrunbiloa eremu baten (ur-isuria) eta objektu baten arteko elkarrekintzagatik sortzen baita.
Zilindroa bera ere metafora moduan erabil dezakegu: nondik begiratzen dugunaren arabera, proiekzioak zirkulu edo lauki baten propietateak izan ditzake

Fisika eta kimikan, uhin-partikula dualtasuna gure unibertsoko objektu guztiek uhin eta partikulen propietateak dituztenaren kontzeptua da. Mekanika kuantikoaren kontzeptu garrantzitsua izanik, dualtasun honek partikula edota uhina bezalako kontzeptu klasikoen egokitasun eza erakusten du objektu kuantikoak erabat deskribatzeko orduan. Mekanika kuantikoaren zenbait interpretazio azaleko paradoxa hau azaltzen saiatzen dira.

Dualtasuna, argia eta materiaren izaerari buruzko eztabaidan erroturik dagoen ideia da, XVII mendetik datorkiguna, Isaac Newton eta Christiaan Huygensek argiaren izaeraren gaineko teoria lehiakorrak proposatu zituztenetik. Albert Einstein, Louis de Broglie eta beste askoren lanari esker, gaur egungo teoria zientifikoak partikula guztiek uhin-izaera ere badutela esaten du.[1] Fenomeno hau, egiaztatua izan da esperimentalki, eta ez bakarrik oinarrizko partikulekin, baita atomo edo molekulen moduko partikula konposatuekin ere. Izatez, mekanika kuantiko estandarraren arabera, uhin-partikula dualtasunak objektu guztietan du eragina, baita objektu makroskopikoetan ere; dena dela, objektu hauetan uhin-izaera detektatzeko ezintasuna, duten uhin-luzera txikiaren ondorioz gertatzen da.[2]

  1. Walter Greiner. (2001). Quantum Mechanics: An Introduction. Springer ISBN 3540674586..
  2. R. Eisberg eta R. Resnick. (1985). Quantum Physics of Atoms, Molecules, Solids, Nuclei, and Particles. (2. argitaraldia) John Wiley & Sons, 59-60 or. ISBN 0-471-87373-X.
    Aipua: «Uhin-luzera txiki eta handietarako, materia eta erradiazioak dute uhin eta partikula izaera. ... Baina beraien higiduraren uhin-izaera aztertzea, uhin-luzera txikitu ahala zailtzen doa. ... Eguneroko objektu makroskopikoen kasuan, masa hain da handia, non, de Broglieren uhin-luzera detekzio esperimentaletik harago joateko momentu lineal nahikoa ematen dion, mekanika klasikoa garaile izanik.»
    .

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search