Volodymyr Oleksandrovytx Zelensky[1] (ukraineraz: Володимир Олександрович Зеленський; Kryvyi Rih, 1978ko urtarrilaren 25a), Ukrainako egungo presidentea da. Politikan sartu aurretik, komikoa, aktorea, gidoilaria, zinema ekoizlea eta zuzendaria izan zen.
Ibilbide politikoaren aurretik, zuzenbidean lizentziatu zen eta ekoiztetxe bat sortu zuen, Kvartal 95, filmak, marrazki bizidunak eta telebistako komedia-saioak ekoizten dituena.[2] Kvartal 95ek Herriaren zerbitzaria izeneko telesaila sortu zuen, non Zelenskyk Ukrainako presidentearen papera bete zuen. Telesaila 2015etik 2019ra aireratu zuten. 2018ko martxoan Kvartal 95 enpresako langileek telebistako programaren izen bera duen alderdi politikoa sortu zuten.
2018ko abenduaren 31ko gauean Ukrainako 2019ko hauteskunde presidentzialetarako hautagaitzaren berri eman zuen,[3] Petro Poroxenko presidenteak Urteberri bezperan 1+1 telebista-katean emandako urte amaierako hitzaldia zapuztuz. Zelenskyk bere hautagaitza iragarri baino sei hilabete lehenago, hautagai nagusietako bat zen hauteskundeetarako iritzi-inkestetan. Zelenskyk botoen % 73.22rekin irabazi zituen hauteskundeak bigarren txandan, Petro Poroxenko titularrari irabaziz.
© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search