Wi-Fi

Wi-Fi-aren logotipoa

Wi-Fi (edo Wi-fi, WiFi, Wifi, wifi) gailu elektronikoen interkonexioa ahalbidetzen duen haririk gabeko teknologia da. Wi-Fi teknologia duten gailuak (ordenagailuak, telefonoak, telebistak, bideokontsolak, musika erreproduzitzaileak...) bata bestearekin konekta daitezke; baita Internetera ere, haririk gabeko sarbide puntu baten bitartez. Sarbide puntu batek (ingelesez hotspot moduan ere ezagutzen dena) 20 metro inguruko helmena du eraikinen barnealdean eta helmen zabalagoa haietatik kanpo. Sarbide puntuen estaldura gela bakar baten tamainakoa (hormek uhin elektromagnetikoak blokea ditzaketelako) edota kilometro karratu batzuetakoa izan daiteke, hainbat sarbide puntu gainjartzen badira.

Wi-Fi Alliance enpresa taldeak sortutako marka erregistratua da. Izen hori sortzearen helburu nagusia haririk gabeko sare lokaletarako produktuek IEEE 802.11 estandar multzoa betetzen ote duten ziurtatzea da. Beraz, Wi-Fi zigilua daramaten produktuek Wi-Fi Alliancek ezarritako homologazio prozedura gainditu dute. Horregatik Wi-Fi eta 802.11 baliokide gisan erabiltzen dira.

Estandarrak definitzen dituenak OSI ereduan 2. mailan kokatzen dira Ethernet, Token Ring, ATM sare protokoloen parean.

Wi-Fi teknologiaren hainbat bertsio daude: haien arteko aldeak estaldura, irrati banda eta komunikazio abiadura dira. Wi-Fiak, orokorrean, 2,4 GHz-eko (gigahertz) UHF (Ultra High Frequency) eta 5,8 GHz-eko SHF (Super High Frequency) bandak erabiltzen ditu, ISM (Industrial, Scientific and Medical) lizentzia gabeko bandak direnak eta kanaletan banatuta daudenak. Kanal bakoitza, denbora multiplexazioari esker, sare ezberdinen artean parteka daiteke.


Teknologia horren funtzionamendurik egokiena ikuspen zuzeneko hedapenarekin gertatzen da. Material arruntek uhin elektromagnetikoak islatzen eta xurgatzen dituzte; haien ondorioz, estaldura txikiagotzen da.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search