Wikipedia:Egiaztagarritasuna

Wikipedian, egiaztagarritasunak esan nahi du entziklopedia erabiltzen duten pertsonek informazio hori iturri fidagarri batetik datorrela egiazta dezaketela, Wikipedia ez baita inork bere ikerketak egiteko tokia. Beraz, bertan agertzen den edukiak argitaratutako materiala behar du, eta ez editoreen sinesmenak edo esperientziak. Nahiz eta zu seguru egon zerbait egia dela, egiaztagarria behar du zuk hura gehitzen duzun unean. Batzuetan, ordea, iturri fidagarriak ez datoz bat eta, orduan, ikuspegi neutrala behar dugu, eta askotariko iturriek zer dioten adieraztea, alde bakoitzari dagokion tartea emanez. Era horretan, oinarri mardulen gainean eraikiko dugu gure Euskal Wikipedia.

Material guztia Wikipediako artikuluetan, zerrendetan eta argazki-oinetan egiaztagarria izan behar da. Aipuek edo egiazkotasuna auzitan jar dakiokeen edozein materialek esaldi buruko erreferentzia/aipamena behar du material hori zuzena dela babesteko. Beharra edukita ere, eduki batek iturririk ez baldin badu, hura kendu egin daiteke. Mesedez berehala kendu bizirik diren pertsonei buruzko edozein material eztabaidagarri baldin eta iturririk ez badu edo iturria eskasa bada. Aipuak idazteko moduari buruz, ikus Laguntza:Erreferentziak eta Wikipedia:Ikuspegi neutrala. Biek elkarren beharra dute edukia zehazteko orduan eta, beraz, editoreek horien oinarrizko puntuak ulertu behar dituzte. Gainera, artikuluek egile eskubideak bete behar dituzte.

Hala izanik ere, Euskal Wikipediaren asmoa da erabiltzaile albait gehienen ekarpena izatea eta, batez ere, WPn aritzera erakartzea. Beraz, asmo hori gogoan hartuta, WP jabetzen da artikuluetara gehitutako eduki askok, erreferentzia behar izanagatik ere, ez dutela euskal wikilarien artean kontraesanik edo eragozpenik planteatzen, eztabaidagarriak ez diren aldetik, eta EU WPk, lehenik eta behin, editatzera animatu nahi ditu WPren erabiltzaileak.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search