Zoologia

Zoologia (grezieratik ζῷον [zóon], "animalia", eta λόγος [lógos], "ikasketa"), animaliak aztertu eta ikertzen dituen zientzia da.

Zoologoek milioi bat espezie baino gehiago identifikatu dituzte dagoeneko (1,3 milioi animalia-espezie, gutxi gorabehera). Kopuru horrek nabarmen gainditzen ditu landareen espeziena (350.000 inguru).

Animaliak sailkatzeko zoologiak hainbat tresna erabiltzen ditu. Antzina, gaur egungo aurrerapen teknologikorik ez zegoenean, irizpide morfologikoak eta anatomikoak erabakigarriak ziren animalia bat talde batean edo bestean sailkatzeko orduan. Geroago, hibridazioaren kontzeptua agertu zen Cuvierren eskutik: bi animalia espezie berekoak ziren ondorengo ugalkorrak edukitzeko gai baldin baziren. Orokorrean, Cuvier-en irizpideak zutik dirau oraindik, salbuespen batzuek betetzen ez badute ere.

Mikroskopioaren agerpenak histologiaren garrantzia taxonomia-ikerketarako agerian jarri zuen. Bestalde, eboluzioaren teoriaren garapenak enbriologia konparatiboaren ikerkuntza bultzatu zuen, oso lagungarri izango zena zoologiarentzat ikuspuntu berri bat zekarrelako.

Genetikaren aurkikuntzek, besteak beste, aplikazioak ere izan dituzte biologiaren adar honetan, espezie bateko animalia guztiek antzeko kariotipoa dutelako. Fisiologia eta biokimikaren ekarpenek ez dira nolanahikoak izan: gaur egun biokimika konparatuak, esaterako, informazio ugari ematen du espezieak desberdintzeko, irizpide kimikoak aplikatuz.

Etologiaren agerpenak, azkenik, espezieak definitzen ere lagundu du, portaeraren arau gehienak berezkoak baitira talde bereko banakoen artean.

Ikertzen duen animali taldearen arabera zoologiak adar desberdinak ditu:


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search