Disbiosia edo disbakteriosia giza gorputzeko mikrobiotaren desoreka da, gehienbat larruazala edo heste-florarena. Jakina denez, gure organismoko hainbat ataletan mikrobio sinbiotiko asko ditugu (larruazalean, ahoan eta sudurrean, hesteetan, baginan...). Mikrobio horiek ez dira patogenoak, lagunak baizik. Onura ugari dakarzkigute: mikrobio patogenoen sarrera oztopatzen dute, immunitate-sistema bizkortzen dute, bitaminak ekoizten dituzte, etab. Heste-floraren bakterioek, bereziki, zeregin oso garrantzitsua betetzen dute gure osasun egoera orokorrean, eta ikerketa berriek haien aldaketek asaldura gastro-intestinalak ez ezik, beste gaitz organiko batzuk ere eragin ditzaketeela agerian jarri dute [1] [2].
Heste-disbiosi dagoenean hesteetako bakterioen kopurua jaitsi eta bakterio horien aniztasuna ere murriztu egiten da [3].
Disbiosiaren jatorrian eragile ugari egon daitezke: antibiotikoen gehiegizko kontsumoa, dieta desegokia, alkohola, estresa, etab. [4] [5].
Disbiosiaren inguruko ikerketak oso berriak dira, XXI. mendearen hasierakoak. Honenbestez, herrialde gehienetan asaldura hori oraindik ez da benetako gaitzatzat jotzen (GNS-10 zerrendan ez da agertzen). Hala ere, herrialde batzuetako osasun-agintariek aintzakotzat hartu dute dagoeneko, eta AEB-etako Medikuntzako Liburutegi Nazionalaren 2014ko hitz berrien zerrendan Dysbiosis izena agertzen da [6].
© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search