Sasihistoria

Sasihistoria kontakizun historikoa zalantzan jartzen saiatzen den diskurtso mota bat da, historiografiaren prozedurak eta teknikak errespetatzen ez dituen ikerketa metodologiko bat erabiliz. Sasihistoria ikerketa alboratzearekin ezaugarritzen da; hau da, soilik aurretiko postulatuekin bat datozen gertaerak aztertu eta hipotesiak egokitu egiten dira teoriara moldatu daitezen. Aldi berean, datazio-teknikak, dokumentuak kontrastatzeko teknikak nahiz testuak aztertzeko teknikak alde batera uzten dira, baita aldez aurreko lanak nahita baztertzen ere. Beste ikerlariekin hitz egiteari uko egin ohi zaio eta gertaerak, nahiz zenbaitetan prozesu historikoak ere, jada gainditutako ikerketa-moduak erabiliz aztertzen dira.

Gainera, hausturagile, antiakademiko, sentsazionalista eta ustezko konspirazioen aurkitzaile gisa agertu ohi da. Oro har, alde batera uzten dira frogapenak, intsinuazio eta susmoen mesederako.

Kasu batzuetan, kriptohistoria terminoa erabiltzen da, 'kriptozoologiarekin' analogiaz, okultismoarekin zerikusia duen testu historikoa adierazteko.

Sasihistoria, sasizientzia kontzeptutik eratorria da eta sasiarkeologiarekin erlazionatzen da askotan. Kontzeptu hauen erabilera maiz gainjarri egin daiteke.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search