Apple Incorporated hardware- eta software-ekoizle estatubatuarra da. Cupertinon (Kalifornia) du egoitza nagusia. Macintosh ordenagailuak, iPod musika-erreproduzigailuak, iPhone telefono mugikorrak, iPad tablet PCa eta Mac OS X sistema eragilea haren produktu ezagunenak dira. Enpresarako, hezkuntzarako, administraziorako eta etxerako sistema informatiko pertsonalak ekoizten eta saltzen ditu. Produktuok munduko 120 herrialdetan baino gehiagotan salgai daude: aipagarrienak, besteak beste, ordenagailu pertsonalak, inprimagailuak, monitoreak, eskanerrak, softwarea eta sarean lan egiteko loturak dira. Appleren lantegi nagusiak Estatu Batuetan, Irlandan eta Singapurren daude. Europako Batzordeak enpresa teknologiko erraldoiekin 2023an osatu duen zerrendan sartu zuen (Alphabet, Amazon, Apple, ByteDance, Meta eta Microsoft). Enpresa horiek merkataritza elektronikoari buruzko 2022an ezarritako arau berriak bete beharko zituzten Europan. Bruselak «atezain digital» gisa identifikatu ditu enpresa horiek, uste baitu nahikoa indar badutela merkatuaren oreka baldintzatzeko.
© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search