Abeltzaintza

Behi haztegi bat.

Abeltzaintza lehen sektore ekonomikoaren jarduera da, gizakiari onurak emateko azienda edo abereak zaintzeaz arduratzen dena. Animaliak haztea da, gero haien haragia, esnea, larrua, arrautzak, ilea, eztia eta abar lehengaitzat erabiltzeko eta aprobetxatzeko. Abeltzainak dira lanbide hau dutenak, eta askotan nekazaritzan ere jarduten dute. Abeltzaintzaren bidez, gizakiarentzat probetxuzkoak diren ezaugarri genetikoak eta jokabideak sustatzen dira animalietan. Arraza berriak selektiboki sortu eta hazten dira, animaliak lanean, kirolean, aisialdian edo ikerkuntzan erabiltzeko.

Oro har, azienda (abeltzainak hazitako abereak edo animaliak) bi taldetan sailka daitezke: azienda larria behiak, zezenak eta zaldiak) eta azienda xehea (ardiak, txerriak eta ahuntzak). Haiek ustiatuz, haragia, esnea, arrautzak eta bestelako elikagaiak lortzen dira, bai eta larrua, artilea eta beste produktu batzuk ere.

Nekazaritzaren jarduera osagarria da garatzen ari diren eskualdetan, eta errentagarritasun handia du eskualde garatuetan. Abeltzaintza handituz joan den jarduera bat da. Planetaren azaleraren % 30 larrez estalia dago, eta azienda elikatzeko bazka sortzeko erabiltzen da landu daitezkeen lurren % 33. Azken 50 urteetan haragi-ekoizpena bikoiztu egin da eta esnearen kontsumoak gora egin du garatzen ari diren herrialdeetan.

Animalia-espezie ugarienak honako hauek dira; behi-, ardi-, txerri- eta hegazti-aziendak. Leku batzuetan ahuntz- eta zaldi-aziendak garrantzitsuak dira, kunikultura edo untxi-hazkuntza, eta erle-hazkuntza. Azken mendean, arraza hautatuak lortu dira, eta aziendari eragiten dioten gaixotasun asko daude. Teknologiari esker, ekoizpena handitu da, eta produktuak beste herrialde batzuetara garraiatzeko aukera dago.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search