Antibiriko

Antibirikoak, antibiralak edo birusen kontrakoak birusak deusestatzeko erabiltzen diren substantzia kimikoak dira. Birusek sortzen dituzten infekzioei aurre egiteko erabiltzen dira (antibiotikoak bakterioen infekzioen aurka erabiltzen direnaren antzera).

Bakterioen aldean, birusak zelula barneko parasito hertsiak dira. Horrek esan nahi du infektatutako zelulari estuki lotuta daudela, zelularen tresneria biokimikoa erabiltzen baitute ugaltzeko. Ondorioz, industria farmazeutikoarentzat ez da erraza izan birusen kontra soilik jarduten duten botikak aurkitzea, organismoaren zelulak kaltetu gabe [1].

Lehenengo botika antibirikoak 1960ko hamarkadan agertu ziren, baina botika horien sintesian aurrerakada handia eman zen 1985tik aurrera, hein handi batean HIESaren agerpenarekin batera. Gaur egun, antibiotikoen aldean, botika antibiriko gutxi dago, nahiz eta haien zerrenda urtez urte handitzen den.

Antibirikoei esker hainbat gaitzen aurkako tratamendua dago egun: HIESa, herpes birusek sortzen dituzten gaitzak (barizela, herpes arrunta, herpes zosterra...), B eta C hepatitisa.... A influenzaren birus (gripea) eta papilomabirusen aurka ere antibiriko espezifikoak daude.

  1. Ingraham, J. eta Ingraham C.: Introducción a la microbiología vol. II, ed. Reverté 509 orr.

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search