Atzeraldi Handia

Erresuma Batuko Northern Rock bankuaren sukurtsala, jendea bertatik dirua ateratzeko zain dagoelarik.

Atzeraldi Handia[1] 2008. urteaz geroztik mundu osoko ekonomiari eta bereziki herrialde garatuetakoari nabarmen eragiten ari zaion krisialdi ekonomikoa da, 1929ko Depresio Handiaz geroztik izan den larriena.[2] Krisialdia eragingo zuen lehenengo gertakari nagusia 2007 urtean Ameriketako Estatu Batuetan izandako subprime hipoteken krisia izan zen, ondoren mundu osora zabaldu zena. Bereziki herrialde garatuetan izandako higiezinen burbuilaren leherketa dela eta, 2008 urtean krisia finantza sektore osora zabaldu zen. Berehala, krediturako bidea itxita, finantza krisiak ekonomia erreala jo eta atzerakada nabarmena izan zen mundu osoan. Atzerakadak enpresen gelditze eta itxierak ekarri eta milioika langile lanik gabe utzi zituen, gizarte sektore askotan pobrezia areagotuz eta beste ondorio sozioekonomiko larriekin.

Krisiak administrazio publikoak kinka larrian jarri zituen, kontsumo eta jarduera ekonomikoaren jaitsierak zerga-sarrerak murriztu egin zituelako, krisiak langabeziara eta pobreziara bultzaturiko pertsona eta familien aldeko gastu sozialerako beharrak igotzen ziren bitartean. Gobernuen defizit horiek zor publikoaren jaulkipen masiboekin estali ziren. 2009 eta 2010 urteetan zehar, atzerakada moteldu eta hazkunde-tasa positiboak, apalak betiere, itzuli arren, Europa eta Estatu Batuetako zor publikoaren krisiak, gastu eta inbertsio publikoen murrizketak ekarri zituen, eta hazkundea deuseztatu eta atzerakada ekonomiko berri baten atarian jarri zituen herrialde garatuak. Krisialdiaren izaera sakonari buruz, kapitalismoak jasaten dituen aldikako krisia baino krisi estrukturala edo sistemikoa dela aipatu da zenbait ekonomialariren aldetik[3][4] eta gainditzeko ekonomia modu berriak jarri beharko direla martxan[5][6].

  1. (Ingelesez) Rampell, Catherine. (2009-03-11). «‘Great Recession’: A Brief Etymology» The New York Times..
  2. (Ingelesez) Bivens, Josh. (2010-01-27). «Worst economic crisis since the Great Depression? By a long shot.» Economic Policy Insitute, Economic Snapshot...
  3. (Gaztelaniaz) Niño Becerra, Santiago. (2009). El crash del 2010. , 40-45 or...
  4. (Ingelesez) Robinson, William I.. (2011-01-24). «The global capital leviathan» Global and international studies..
  5. "Kolapsoa ez da aukera bat; gertakari segurua da norabidez aldatzen ez badugu", www.noticiasdegipuzkoa.com, 2012-03-05.
  6. (Gaztelaniaz) Pigem, Jordi. (2009). Buena crisis. Hacia un mundo postmaterialista.. ..

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search